GARA > Idatzia > Kultura

Hamazazpi artelanen zaharberritzeari ekingo dio Bilboko Arte Eder museoak

Bilboko Arte Eder museoa zaharkituta dauden hamazazpi obrari artelan izaera itzultzen saiatuko da datozen hilabetetan. Horien artean dira «Javier Gordoqui kardinalaren erretratua» edo Nagelen eskulturak.

p042_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Bi olio-pintura, bi eskultura, igeltsu gaineko erliebe bat eta paper gaineko hamabi margolan txiki zaharberritzeari ekin dio Bilboko Arte Eder museoak. Dituzten akatsak konpondu, koloreak berriztatu eta urteetan pilatutako zikinkeria garbitzea izango dira zeregin nagusiak, atzo Jose Merinok, museoko Zaharberritze departamentuko zuzendariak azaldu zuenez. Itxura berrituta, lanak abenduan aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Museoaren bilduma ezberdinetako lanak dira berriztatzeko aukeratu direnak. Dagoeneko, 110 artelan zaharberritu dituzte 21 urtetan zehar, Zaindu izeneko programaren barruan. Aurtengo aukeraketan, nabarmentzekoa da «Francisco Javier Gordoqui kardinalaren erretratua». Jose de Madrazok (Santander, 1781-Madril, 1859) margotu zuen Erroman 1816. urtean eta atzo Merinok esan bezala, «XIX. mendeko obra garrantzitsua da, espainiar pintura neoklasikoko maisulantzat hartzen dena».

Bizkaiko hiriburuko familia dirudun batean jaio zen Gordoqui. Kardinal izendatu zutenean, Bilboko Udalak erretratuaren enkargua egin zuen. Ondoren, hainbat erreplika egin ziren baina desagertuta daude. Madrazok, gaur egun Madrilgo Prado museoan dagoen pastelez egindako busto bat erabili zuen koadroa pintatzeko.

Merinoren esanetan, azken zaharberritze lanak duela 25 urte egin zizkioten eta dagoeneko egoera «nahiko prekarioan» zegoen. Egingo zaizkion lanen artean, azaleko geruza garbitzea edo materia piktorikoaren hutsuneak ezkutatzea izango dira, besteak beste.

Arteta, Mogrobejo eta Nagel

Aurelio Arteta (Bilbo, 1879-Mexiko DF, 1940) Bilboko Arte Eder museoko zuzendari izan zen, 1937an erbestera alde egin bitartean. Arte euskaldunaren bildumako bere «Azokara» (1913-1915) mihise gaineko olioa aukeratu du museoak, batez ere, «geruza piktorikoaren gaineko azaleko estratua garbitzeko».

Andres Nagel (Donostia, 1947) artistaren laurogeigarren hamarkadako bi eskultura ere hautatu dituzte: «Bilboko lagunak» eta «Galerista madrildarrak Benidormen». Lan horiek inguruko kutsaduraren ondoriozko substantziak dituzte azalean. Nemesio Mogrobejoren (Bilbo, 1875-Austria, 1910) «Amatasuna» eskaiolaz egindako behe erliebeari, berriz, leheneratze kromatikoa egingo diote.

Bukatzeko, Joan Gonzalez (1868-1908), Julio Gonzalez eskultore bartzelonarraren anaia zenaren paper gaineko hamabi grafito berriztuko dira. Horietatik seitan, emakumeak ageri dira eta, gainerakoetan, paisaiak; zuhaitzak, batez ere.

Bestalde, museoak zerbitzu berri bat jarri du martxan. www.museobilbao.com atarian, «Kontserbazioa» atalean, Zaharberritze departamentuak abian dituen jarduerak ikusgai izango dira. Merinok azaldu zuenez, bideoak, erradiografiak eta «dibulgaziorako baliagarriak izango diren hainbat material» zintzilikatuko dituzte hemendik aurrera.

SAREAN

Museoaren webgunean Zaharberritze departamentuaren jarduerak ikusgai jarriko dituzte, bideo, erradiografia edo argazkien bidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo