GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Bigarren Maila

Mugertza II.a, Otaño eta Zaldua maila nagusiari begira jartzeko moduan dira

p038_f02.jpg

J.L.

Mugertza II.ak, Otañok eta Zalduak lortu zuten herenegun arratsaldean Urnietan, uztailaren 26an Mendaron jokatuko den Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela. Aurretik gauza bera egina zuten Mugertza I.ak, Telletxeak eta Ugarteburuk ere. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Finalera sartu ziren hiru aizkolarietatik besteengana sekulako aldea egon zen, izan ere, hirugarren Zaldua geratu zen, eta honek laugarrenari minutu bat eta hiru segundoko aldea atera zion.

Hori bai, lehen hiruren artean sekulako emozioa izan zen, zortzi segundoko aldea besterik ez baitzen egon lehenengotik hirugarrenera. Txapelketa honek berri pozgarri bat ere eman zuen, berriro ere plazetan modu ofizialean lehiatzen ikusi ahal izan baitzen Unai Otaño. Bera izango da, gainera, txapela janzteko faborito nagusia.

Honela geratu zen sailkapena: lehenengo, Mugertza II.a (10.08), bigarren Otaño (10.11), hirugarren Zaldua (10.16), laugarren Zubizarreta (11.34), bosgarren Elorriaga (13.01), seigarren Alkizalete II (14.29) eta azkena Olasagasti (15.41).

Bestetik Iker Vicentek 12 urterekin marka berria ezarri zuen sei 45 ontzako 19 minutu eta 44 segundoan moztuta. Hauek izan ziren bere denborak: 2.43, 5.50, 9.00, 12.03, 15.48 eta 19.14. Daniel Vicenteren eta Maribi Saralegiren semea da Iker. Aita aizkolaria du, eta ama ere aizkolari izandakoa eta izen handiko kirolarien etxekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo