GARA > Idatzia > Kultura

«Beste Gu», freskotasunez eta umorez beteriko banpiroei buruzko eleberria

Asier Mendozak haur literaturako Mikel Zarate saria jaso du «Beste gu» eleberriari esker. Banpiroak ditu hizketa gai egile zarauztarrak haur eta gazteentzat idatzitako lan berri honek.

p043_f01.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Banpiroak modan daudela dirudi. «Crepúsculo» saga famatuak sekulako jendetza mugitu ostean, idazle zarauztar honek «Beste gu» eleberrian ere banpiroei buruzko istorio bat kontatzen du. Eleberria ispilu aurrean dagoen gazte batekin hasten da, bere ispilu aurreko isla desagertzen ari dela konturatzen hasten denean. Gainera, aurreko etxean bizi diren bere bizilagunak arrarotzat jotzen ditu eta banpiroak direla uste du protagonistak.

Eleberria, eskutitzez eta egunkari modukoez dago osatuta eta hamabi urtetik aurrerako irakurleentzako gomendatzen du Mendozak.

Izenburu bitxia du, hainbat ulerkera dituena. Badirudi protagonistaren parean bizi den familiari buruz ari dela, baina Mendozak, egia esateko unean, ez du auzia argitu nahi izan, «ezin dizut esan ipuinaren misterio guztia azalduko bailuke azalpen horrek»; beraz, «Beste gu» izenburu horren zentzua irakurleak berak bilatu beharko du eleberria irakurriz.

Nobela hau sortzeko ideia, irabazi berri duen haur literaturako Mikel Zarate Sarirako deialdia ikusi zuenean otu zitzaion. Irabazle bihurtu zeneko deia jaso zuenean sortutako harridura, oraindik ere nabaria da berarengan, «sorpresa bat izan da, ez nuen espero» dio egileak. Aurretik lortu ditu beste sari batzuk ere, Zarauzko Garoa liburu-dendak martxan jarri zuen Esporak Sarean lehiaketa irabazi zuen duela bi urte, eta lehengo urteko abuztuan Bilboko Udalak antolaturiko Beldarraitz saria ere irabazi zuen. Aurtengo sari honek aurrera jarraitzeko gogoak piztu dizkio egile zarauztarrari, «animatuta nago beste proiektu batzuk hasteko» eta jada ba omen du baten bat esku artean.

Film laburren mundua gustuko izanda, eleberri hau euskarri horretan ikusi nahiko ote lukeen galdetu ostean, «nahiko nuke» erantzun du, baina proiektu hori zailagoa eta luzeagoa dela aitortzen du. Hala ere, norbaiten laguntza edukiz gero, «produktore edo antzekoren batena», aurrera egingo lukeela baieztatu du duda izpirik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo