GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI I Idazlea

Manifestaldi ahaztuak

Eguneko gaiek hori dute, egunekoak direla, eta biharamunerako gogortu egiten direla, gure okindegiko ogia bezain gogor gelditzeraino. Behin samurtasuna galduz gero, ea nola ekiten diozun berriz ogi-mamiari tartean minik hartu barik.

Ideia hori datorkit burura manifestazio ahaztuei buruz hausnarketa egiten dudan bakoitzean. 18/98ren inguruan egin ziren manifestazioak gogoratzen ditut sarritan. Manifestari gehienak ez dira ohartzen non dauden orain orduan defendatzen zituzten haiek, senitartekoa edo adiskidea izan ezean noski. «Kontxo, baina pertsona hori kartzelan diagon? Noiztik baina? 2007ko abendutik? Joooder, ba hiru urte izango ditun Gabonetan! Ez zeukanat datu hori gogoan, ño!».

Orduan gogoratu egiten dute zergatik sartu zuten hura kartzelan (egunkari bateko kazetaria edo zuzendaritzakoa izateagatik, esaterako) eta konturatzen dira zer nolako arrazoia zuten manifa hartara joan zirenean, zein injustua zen horregatik epaitzea. Baina, begira, ezin gomutara etorri hiru urteren ostean giltzapeturik egon daitekeenik, ez eta horrela segituko duenik ere beste lau, sei, zortzi urte gehiago, espetxean.

Manifa ahaztu batzuen ostean gelditzen dena bakardadea da, klub selekto bateko kideen mundua, injustizia pairatu dutenen kluba. «Eta Arnaldo ere kartzelan dun, egia da, neska! Joder, ahaztuta neukanan! Eta zergatik, bilera batean egoteagatik? Baina bilerak egitea ilegala dun, ala? Ez diagon justiziarik! Manifa bat egin beharko geninake eta mundu guztia atera kalera. Ez diagon deretxorik eta!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo