GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez I sagarroiak@gmail.com

Jaitsi nahian

Kapitalismoaren krisiari kapitalismo gehiagorekin erantzun diote eta ikusten ari gara zelako ondorioak ekartzen ari den jokabide hori. Eta Espainia krisiari Espainia gehiagoz erantzungo diotela zalantzarik ere ez izan

Estatu espainola izan zen azkena krisialdian sartzen. Ez modu objektibo batean, jakina, esan nahi dut azkena izan zela onartzen «arazotxoren» bat bazeukala. Hortik aurrera, zenbat bider ez dugu entzun krisialditik irten bai, baina lasai, herritarrok ez genukeela ordainduko. Zapaterok eta, hortaz, Patxik ere, behin baino gehiagotan errepikatu dute zer eta eurei aurpegiratzen zitzaien diskurtso berbera: «langileek ez zutela ordainduko sortu ez duten krisia». Bideoak gordeta dauzkat, inork nahi izanez gero. Sanz horrelakoak esatera ez da heldu, baina, sentitzen dut, nafarrok, oraindik sozialistak ez bazarete... Ipar Euskal Herrian, zer esan, Sarkozyk demagogia merkerik erabiltzeko premiarik ere ez dauka.

Ez dago beste bide posiblerik: edo herritarren eskubideak edo botere ekonomikoaren interesak defendatu. Eta, jakina, lehenbizikoa ezinezkoa da eredu honen barruan kudeatu nahi izanez gero. Zapatero hilotz politikoa dela esan zuen batek lehengo egunean. Hori gauza jakina geneukan, denbora kontua baino ez zen.

Orain, alternantzia politikoaren afera atera dute oholtzara. PP itxaroten ea noiz tokatzen zaion. Nik neuk, euren tokian egonez gero, apur bat itxarongo nuke, PSOEk hartu beharko dituen neurri guztiak har ditzan, faktura berak ordaindu dezan, alegia. Hala ere, horixe da eztabaida bakarra, alternantzia politikoarena, ez baitago inor benetako alternatibarik plazaratzeko interesik daukanik eta, are txarragoa, alternatiba plazaratzeko gai denik.

Eta horretan gaude gu, hondoratzen den barku batean, jaitsi nahian, baina ur apur bat xukatzen ari garen bakarrak izanda, mastara ondo lotu gaituztela konturaturik. Baina espainolek ez badaukate alternantzia hutsa baino beste alternatibarik, guk bai, badaukagu: alternatiba bakarra Euskal Herria da. Inork zalantzarik bazeukan, orain inoiz baino argiago dago, que paren esto, que yo me bajo.

Alemanian Azken Konponbidea aplikatu nahi zuten eran, Azken Erasoaldia aplikatu nahi digu botere ekonomikoak, eta salbaziorik topatu nahi izanez gero, hobe dugu beranduago baino lehen behingoz behar dugun eredu ekonomiko eta sozialaren eztabaidari benetan ekitea.

Estatu espainolaren garapen eredua agortuta dago, Espainiaren estatu eredua ere agortuta dagoen modura. Kapitalismoaren krisiari kapitalismo gehiagorekin erantzun diote eta ikusten ari gara zelako ondorioak ekartzen ari den jokabide hori. Eta Espainia krisiari Espainia gehiagoz erantzungo diotela zalantzarik ere ez izan. Laster batean ikusiko ditugu zentralizazio erabaki gogorrak.

Markoaren eztabaidak independentziari zabaldu behar dizkio ateak, horixe baita bide bakarra hemen benetan aldaketa bat gertatzeko. Aukera lorgarri moduan ikusten da, gero eta argiago, baina norbaitek eskaintza hori egitea behar dugu herritarrok. Herri ariketa egin dezagun behingoz, herri moduan ekin diezaiegun alboratu nahi dituzten baina benetan egin behar diren eztabaidei, zelan egiten duen herri honek aurrera, zelan erabakitzen duen bere etorkizuna subiranotasun terminoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo