jaialdia
Paskualtxok omenaldi eder bat izango du
J.L. I
Paskualtxok omenaldi handia jasoko du igandean Zizurkilen. Goiz partean Adunibarko belardian izango da jaialdia, eta arratsaldean, pilotalekuan.
Paskualtxo herri kirol munduan gizon ezaguna izan da. Harri-jasotzaile eta segalari bezala izan da ezagunena, baina gainerako kiroletan ere bere aurpegia ohikoa izan da.
Entrenatzaile lanetan ere aritu da, eta azkeneko urteetan Juan Manuel Erasunekin oso lotuta izan da, Aiako kirolari handiak jokatu dituen apustu eta txapelketetan alboan izan baitu. Omenaldi hau antolatzen ere buru-belarri dabil Erasun.
11.30ean hasiko da festa herri-kirol jaialdiarekin. Iñaki eta Inaxio Perurena, Uxarbe, Ostolatza, Gibitegi, Izeta II.a eta Landarbide hantxe izango dira hariak jasotzen. Aizkoran, Nazabal, Arria aita eta semea, Larretxea aita eta semea, Otaegi, Mugertza III.a, Saralegi eta Olano arituko dira.
Trontzan, berriz, Esnaola anaiak eta Josune Gorostidi ikusi ahal izango dira. Segan, berriz, Gabirondo eta Garin arituko dira nesketan, eta Lizaso, Ormaetxea, Erasun eta Mendizabal mutiletan.
Korrikan Garin anaiek Agirresaroberen eta Artolaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Beraz, kirol ezberdin ugari eta ikusgarriak izango dira, proba azkarrak jarriko baitituzte, jendearen gozamenerako. Jaialdia ikusteko ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango.
Bazkaria
Behin herri-kirol jaialdia amaituta, 14.00etan bazkaria izango da pilotalekuan, eta han parte hartu nahi duenak aurrez erosi beharko du txartela. Ondoren bertsolariak arituko dira, Sorozabal eta Irazu, eta azkenik trikitixa jaialdia izango da.
Astiazarandarrak, Tapia eta Leturia, eta Epelde eta Iturbide arituko dira bazkalosteko giroa jartzen.
Tarte horretan, dudarik gabe merezitako opariak jasoko ditu Paskualtxok, izan ere, beretzat egun handi bezain gogoangarria antolatu nahi izan diote bere inguruko eta lagunek.