«Hezkuntza Plana», luzeagoa, baina lehengo bera
Agerikoak dira Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriari Legitimazioa Kentzea izeneko agiriaren testu berriak agertzen dituen aldaketak; esate baterako, orrialde gehiago ditu. Izan ere, testu berriak, PSEren hitzetan EAJrekiko akordioa «askitzat» duena eta EAJren arabera «adostasuna, adostasuna dagoen gaietan» baino biltzen ez duenak, aurreko Gobernuaren planaren zenbait puntu jasotzen ditu, baita EAJk eskatutako zenbait aldaketa formal ere. Baina funtsean hasierako bera da, PSErena (eta PPrena), haren printzipioak baitira agiri berriaren ardatza, eta indarkeria -indarkeria bakar bat nabarmenduta- ez ezik, gizarteko sektore baten helburu politikoak ere jazartzen dituen estrategiaren testuinguruan kokatu behar da, Rodolfo Ares Lakuako Barne sailburuak lehenengo zirriborroa Parlamentuko taldeei aurkeztu zienean bezala.
Patxi Lopezen Gobernuaren «Hezkuntza Plana» aurrera aterako da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPko presidente Antonio Basagoitik hasieratik ziurtatu zuen bezala, eta bildu duen adostasuna ez da inongo bozketatan islatua agertuko, baina PSEk PPrekiko itunetik haragoko sostengua, edo errefusatze txikiagoa, duela ikusarazi nahi du; hori da plana EAJrekin negoziatzearen arrazoia. Nolanahi ere, esanguratsua da Hezkuntza plan bat hezkuntza komunitatearekin negoziatu ez izana.