GARA > Idatzia > Ekonomia

Oso positibo baloratu dute Sakanan maiatzaren 21ean egindako lanuztea

GARA |

«Abian, Sakanan lan eta bizi» plataformako kideek joan den maiatzaren 21ean eskualdean egin zuten lanuzte eta mobilizazio egunak «aurreikuspen guztiak» gainditu zituela azaldu zuten atzo. Lanuztearen jarraipena oso zabala izan zela baieztatu zuten eta Altsasun egin zen manifestazioa jendetsua izan zela; 2.000 lagunek hartu zuten parte, hain zuzen.

Era berean, deialdiarekin bat egin ez zutenei zuzendu zitzaizkien plataformako kideak. Batetik, mankomunitateak Sakanan ekimenerako gaitasunik ez duela erakutsi kritikatu zuten eta eskualdeak bizi duen egoera latzari aurre egiteko zein proposamen dituen galdetu zioten. UGT eta ELA sindikatuak greba politikoa zela esanez jendartea desmobilizatzen saiatu izana ere salatu zuten, baina, zorionez, bi sindikatuon oinarriak deialdiarekin bat egin zuela azaldu zuten.

Garrantzitsuena herritarrek Sakanan lan eta bizitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin bat egin izana dela nabarmendu zuten, eta babes horrekin aurrera begira lanari ekingo diotela iragarri zuten. «Zer nolako Sakana nahi dugun marrazten hasi behar dugu», esan zuten.

Lehenik, Sakanako instituzio eta eragile sozial, sindikal nahiz politikoekin bilduko dira. Izan ere, eta azken batean, Sakanak bizi duen egoeraz hausnartu eta denen artean egoerari aurre egiteko proposamenak jasotzea da plataformaren helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo