Ipuin laburren bilduma eta Nafarroako historiari buruzko lana plazaratu ditu Pamielak
Gaur hasi eta ekainaren 13a bitarte, Liburu Azoka izango da Bilbon, ohi bezala, hiriburuko Areatza plazan. Bertan, liburuak %10eko beherapenarekin erosteko aukera izateaz gain, egileak ezagutzeko aukera ere izango da. Izan ere, sinadura txanda ugariz gain, makina bat mahai-inguru eta hitzordu dira antolatutakoak, hamar egunez eta etenik gabe, irakurleak gurean euskaraz zein gaztelaniaz idazten duen egilearengana hurbiltzeko beta izan dezan.
Maddalen LARRINAGA |
«Mikro-ipuinak 2008-2009» eta «La guerra de Navarra (1512-1529), crónica de la conquista española» liburuak kaleratu berri ditu Pamiela argitaletxeak. Lehenengoa, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza euskaraz ikasten duten Nafarroa osoko ikasleei zuzenduriko bi lehiaketen bidez jasotako ipuin laburren bilduma da, eta bigarrena, Nafarroaren historiako zati bati buruzkoa.
Mikro-ipuinen bilduma Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako III. eta IV. mikro-ipuin lehiaketetan jasotako lanek osatzen dute, eta horretaz gain, Ruper Ordorika abeslariak, Ilaski Serrano kazetariak eta Kike Amonarriz hizkuntzalariak -hiru horiek izan ziren lehiaketako sari banatzaileak- mikro-ipuin bana gehitu dute sortara.
Liburuaren aurkezpeneko antolatzaileen hitzetan, bilduma honek Nafarroako zonalde guztietatik, zonifikazioaren mugak gaindituz, parte hartu duten ikasle euskaldun guztiei eta, bereziki, parte-hartze hori bideratu duten irakasleei egindako omenaldi txiki bat izan nahi du.
Ipuin labur horiez gain, urte horietan guztietan epaimahaikide izandako eta iragandako martxoan hil zen Joxemiel Bidador hizkuntzalari eta euskara irakasle nafarrari gorazarre txiki bat ere egiten dio Pamielaren liburuak.
Nafarroako historia aztergai
Bigarren liburuak Nafarroako historiari buruz hitz egiten du: 1512 eta 1529 urte artean gertatutakoa azaltzen du, hain zuzen ere Gaztelako koroak egindako konkistaren ostean, bertako herritarrek egindakoa azaltzen du. Izan ere, «urte traumatikoak» izan ziren, eta hainbat mendetan tabu izatera iritsi ziren orduko gertaerak. Gaur egun guztiz kontrako interpretazio eta eztabaidak sortzen dituela azaldu zuten liburuaren aurkezpena egin zutenek.
Antolatzaileen ustez, estatu independente gisa desagertu zeneko milurteko erdia betetzeak, aukera ederra ematen du Nafarroak komunitate moduan izan duen bilakaera baldintzatu duen gertakaririk erabakigarrienetako bat ulertzen saiatzeko; hunkiberatasuna sobera dagoela ulertuz.
Peio J. Monteanok baditu beste hainbat lan kalean. Historia eta Geografian lizentziadunak Arre, Atarrabia eta Cintruenigoko historiari buruz ere idatzi du; eta, baita, «Los navarros ante el hambre, la peste, la guerra y la fiscalidad. Siglos XV y XVI» Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratua 1999an, eta «La Ira de Dios. Los navarros en la Era de la Peste (1348-1723)», Pamielak argitaratua 2002. urtean.