GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Sardinia «Hotel Supramonte»

Nina Caprez, sinbiosi berezia pareta eta zailtasunarekin

23 urteko gazte suitzarra argi asko erakusten ari da zailtasun handiko paretetan espezialista indartsua dela. Horren isla da joan den maiatzean, Sardinian, sinatutako kateatzea: «Hotel Supramonte» (400 m, 8b).

p037_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ez da batere ohikoa izaten neska gazte bat pareta handiak eta zailtasunak uztartzen ikustea. Berdin dio hormatzarra ekipatuta egon ala ez. Baina oasi horretan, noizbehinka, irudi argitsuren bat azaltzen da. Horietako batek Nina Caprez du izena. 23 urte besterik ez ditu, eta dagoeneko sinbiosi horretan goi mailako jarduerak sinatu ditu.

Bere ibilbidea ulertu ahal izateko, Caprezen hastapenetara jo behar dugu. Ratikonen hasi zen eskalatzen, eta eskalatzaile suitzarrak dio hasiera hark asko lagundu ziola: «Ratikonen eskalatzeak beste eremu batzuetan segurtasun gehiagorekin jardutea eskaintzen dizu. Luze askoko bideak gustuko ditut: arriskua, amildegia... hori guztia bizi eta sentitu. Kirol eskaladak, adibidez, entrenatzeko erabiltzen ditut, eta, gero, hartutako sasoia marra luze eta zailetan indarrean jartzen dut».

Gustura dabil hormatzarretan, zailtasun handiko paretetan. Eta lasai asko esan genezake espezialista indartsu baten aurrean gaudela. Kirgizistanen, iaz, 24 luzetako eta 7b zailtasuneko bide bat eskalatu zuen; hori bai, igotako marra ez zegoen ekipatuta. Orain dela hilabete gutxi batzuk, bestalde, Verdonen «La Ramirole» eskalatu zuen. Hots, 150 metroko eta lau luzetako (8a+/b, 8a, 8b, 8a+ eta 7a) bide gogorra. Hau ekipatuta.

Azken asteotan, berriz, Sardinian: «Hotel Supramonte» (400 m, 8b). Uharte horretako paretako biderik ezagunena da, eta goi mailako eskaltzaile ugari haren sarean erori dira. Sardiniako hainbat luzetako marra entzutetsu hau Rolando Larcher eta Roberto Vigianik 1998an zabaldu zuten.

Kareharri bikaina

Gola di Gorropu alderdian dagoen sona handiko «Hotel Supramonte» bidea kalitate handiko kareharrizko pareta batean kokatuta dago. 11 luze ditu, eta zailtasun gorena 8b-koa; nahitaezkoa, aldiz, 7c-koa. Beste era batera esanda, marra horrek honako «aurpegia» erakusten du: 8b graduko bi luze, bat 8a+ zailtasunekoa, zazpigarren gradukoak beste zazpi eta bat 6b+ gradukoa.

Cedric Lachat bikotekidearekin eskalatu zuen Caprezek. Lehen saioan Lachat bistan egitea saiatu zen, baina bosgarren luzean erori zen. Caprez, berriz, pixkanaka-pixkanaka mugimenduak ikasten joan zen. Biharamunean, gaztea sokaburu zela zazpigarren luzera iritsi zen. Euria azaldu zen, eta etxera itzultzea erabaki zuten.

Iragan hilabetean berriro itzuli ziren. Lachatek bere helburua lortu ondoren, Caprezen ordua iritsi zen.

«Oso urduri nengoen, erronka gogor guztietan bezala. Halaber, oso motibatua, besteak beste, bide itzel baten aurrean nengoelako. Bigarren luzea (7c+) oso gogorra izan zen, eta, justu bada ere, blokeko pauso gogorrena gainditu nuen. Hirugarren luzea (8b) nire faboritoa zen. Eta gogorrena hurrengoa (8a+) izan zen. Erori nintzen, berriro bilerara itzuli eta hurrengo saioan atera zen. Ondorengo luzeetan ez nuen buruhauste handirik izan, eta bidea bukatzea lortu nuen», adierazi du Caprezek.

nina caprez

23 urte besterik ez ditu, eta gazte suitzar honek dagoeneko zailtasun handiko bide luze batzuk poltsikoratu ditu. Azkena, «Hotel Supramonte» izan da: (400 m, 8b, Sardinia).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo