Hirurogei urtez gorderik egon den bilduma berriz ere publikoaren begiari eskainirik
Baionako Historia Naturaleko Museoak ateak zabaldu zituen atzo. Hirurogei urtez Lauga jauregian gorderik izan diren altxorrak ezagutzeko parada daukate ikusleek atzodanik, Plaine D'Ansot natura gunean finkatu den eraikinean.
Ainize BUTRON
Hirurogei urte itxaron behar izan dira Baionako Historia Naturaleko Museoak dauzkan altxorrak ezagutzeko. 1856an Ulysse Darracq naturalista eta bildumagileak sortu zuen museoa. Santespiritu auzoan kokatu zuen hasiera hartan, eta ondotik, Baionako auzo gehienetan finkatuz joan da urtez urte: Herriko Etxean, Bonnat museoan, Xaho kaiko ama eskolan. 1949an Lauga jauregian kokatu zuten, eta orduz geroztik publikoak ezin izan du bilduma ikusi. Dominique Gibaud-Gentillie Baionako zinegotziak bultzaturik museoak biltzen dituen 20.000 pieza horiek publikoari zabaltzea erabaki du Herriko Etxeak Plaine d'Ansot deitu natura eremuan kokagune berezi bat eraikiz.
«Museoaren lehenengo kontserbatzailea geratu da, 2008an zendu zen arte, pieza guztiak zaintzen, baina arazo nagusi bat daukagu: ez da bilduma osoaren inbentario zehatzik egin izan. Gainera, urte luzaz itxirik egon direnez, pieza asko zaharberritu behar izan ditugu, eta oraindik asko geratzen da egiteko. Berritze lanengatik gibelapen handia hartu dugu museoa irekitzeko», argitu zuen Eric Guiho lekuko arduradunak. Berritze lana eta bildumaren bilketa lanean jarraitzen dute zientzialariek gaur egun ere, baina, halere, Historia Naturalaren Museoak erakusketak, bisitak, jarduera pedagogikoak eta tailerrak proposatuko ditu urtean zehar frantsesez eta euskaraz ere.
Tokiko bioaniztasunaren lekuko
Guihoren esanetan, museoaren bilduma oso «lekukoa» da. «Oso museo klasikoa da. Eskeletoak, lekuko abere eta landare espezieak biltzen ditu gehienbat. Horiekin badira zenbait espezie exotiko ere», gehitu zuen, bere aldetik Gibaud-Gentilliek.
Horiek horrela, museoaren erakusketa iraunkorraren bidez lekuko ingurunea goraipatzea erabaki dute arduradunek. Museoaren lehen solairuan hezeguneen ezaugarriak aztergai dira, Errobiko inguruak eredutzat hartuta: berezitasunak, aberastasun ekologikoa, ahuleziak, historia eta funtzioa. Bigarren solairu batean, berriz, Errobi bazterrean aurkitzen den fauna eta flora ezagutzeko parada ematen da, eta, azkenean, itsasaldeko Pirinioen bioaniztasuna dago ikusgai. Azken gune horretan abereak dira gehienbat aipagai. Horrela, hartza, uroila, martin arrantzalea, basahuntza, azkonarrak, miru beltza eta pinpilinpauxa disekatuak ere badaude.
«Nahi izango genituen espezie gehiago azaldu, baina eremuak ez digu aukera gehiagorik ematen», gehitu zuen Guihok. Arazo horri aurre egiteko, aldi baterako bi erakusketa eginen dituzte urtean, gai zehatz bat sakonetik landuz. Eta, atzo, museoak ateak zabaldu zituela-eta, zuhaitzei buruzko lehen erakusketa ireki zen.
Museoaren bildumaren edukiari begira, orotara 20.000 pieza biltzen ditu. «Hasieran 26.000 zeuden, baina zati bat Baionako herriko etxean XIX. mendean izandako sute baten ondotik desagertu da», azaldu zuten arduradunek. Horietatik 5.000 maskorrak eta belar taulak dira. «Gehienak lekuko espezieak dira, baina badira exotikoak ere. Esaterako, krokodilo bat ere badugu. Horiekin batera, geologia, paleontologia eta antropologiari loturiko piezak ere baditugu. Ez da bilduma izugarri garrantzitsua, baina lekuko bioaniztasunaren lekuko da. Askotan museo txikietan altxorrak aurkitzen dira», gaineratu zuen arduradunak.
Baionako Historia Naturalaren Museoak Frantziako museoen izendapena lortu du. Plaine d'Ansot natura gunean lau eraikin daude: Maison des Barthes izeneko harrera gunea, museoa bera, aditu, zientzialari eta ikasleei zuzenduriko dokumentazio zentroa eta hegaztien behatokia. Dokumentu guztiak museoaren bildumakoak dira. «Orotara 4.500 liburu zeuden. Badira horien artean eskuizkribu interesgarriak, esate baterako Pirinioetako flora eta geologia aipatzen dituztenak», argitu zuen Guihok. Museoaren xedea beste mota bereko museoekin elkarlanean aritzea da. Guibaud-Gentilliek bukatu zuen, museoaren bilduma handitzeko bidean zegoela nabarmenduz. «Museoa berriz zabaltzen zela jakin delarik botanikari, zientzialari eta bildumagile asko hurbildu zaizkigu», jakinarazi zuen.