GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko lasterketak Hitzordua

Euskal korrikalariak bikain Espainiako Txapelketan

Puyada a Oturia mendiko lasterketan Euskal Mendizale Federazioaren taldeak bi garaipen erdietsi zituen: selekzio indartsuena izan zen eta Alizia Olazabalek beteranoen mailan irabazi zuen. Seniorretan, bost euskal korrikalari aurreneko hamarren artean sailkatu ziren.

p036_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

FEDMEk antolatzen duen mendi lasterketen denboraldiko hitzordu nagusia jokatu da dagoeneko. Espainiako Txapelketari buruz ari gara, eta, oro har, baiezta dezakegu Euskal Mendizale Federazioak (EMF) atondutako taldeak oso emaitza onak erdietsi zituela bertan.

Txapelketa nagusi horretarako, FEDMEk Puyada a Oturia izeneko lasterketa aukeratu zuen. Seigarren aldia zuen Sabiñanigon (Huesca) antolatzen dena lasterketa gogor hau (38 kilometro). Eta, jakina, hitzordu horretan Espainiako estatuko gaur egungo lasterkari indartsuenek ez zuten huts egin. Guztira, 250 korrikalarik hartu zuten parte, eta aurkeztu ziren horietako asko 11 selekziotako kideak ziren.

Bi garaipen

Gizonezko seniorren lasterketari dagokionez, aipatu behar da beste behin protagonista nagusi bat izan zela: Raul Garcia. Ondoz ondoko bosgarren aldia da Gaztela-Leongo korrikalari honek Espainiako Txapelketa irabazten duena. Gainera, aurreko errekorra 30 segundoan ondu zuen: 3:13:41 denbora. Goi mailako lasterkariak zeudenez, probak erritmo handia izan zuen hasiera-hasieratik. Bigarren sailkatua Tofol Castañer (Balearrak) izan zen, eta hirugarrena Luis Alberto Hernando (Aragoi). Aipatu beharrekoa da 4 euskal korrikalari lehen hamarren artean sailkatu zirela: Walter Becerra (6), Fernando Etxegarai (8), Aritz Kortabarria (9) eta Josu Bengoetxea (10).

Nesketan, bestalde, Blanca Serrano (Andaluzia) onena izan zen 4:06:36 denborarekin. Haren atzetik Laia Andreu (Katalunia) eta Nuria Dominguez (Gaztela-Leon) sailkatu ziren. Laugarrena seniorretan Alizia Olazabal izan zen, baina beteranoetan lehena. Valentziako Santiago Alvaruiz beterano azkarrena izan zen.

Bigarren euskal garaipena mutilen selekzioarekin iritsi zen. Arestian aipatu dugun bezala, korrikalariek oso postu onak erdietsi zituzten, eta, horren ondorioz, garaipena beraien esku geratu zen. Nesketan selekzio indartsuena Kataluniakoa izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo