GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Hamar urte igaro dira «Mar de Fueguitos» saioa sortu zenetik

Tas-Tas irratian entzun daiteke egunero «Mar de Fueguitos» duela bost urtetik jada. Lehen pausoak 2000. urtean Radio Euskadin eman bazituen ere, bost urte geroago Tas-Taseko familiakide bilakatu zen. Egindako bidea ospatzeko programazio berezia eta festa antolatu dituzte.

GARA | BILBO

Hilabete honetan, «Mar de Fueguitos» saioaren hamar urteko bidea ospatzeko asmoz, «La década luminosa» saioa eskainiko dute astelehenetik ostiralera 13.00etatik 14.00etara; eta ekainaren 19an, 21.30ean, Bilboko Kafe Antzokian festa bat antolatu dute Gualitxo eta Mallacán taldeen emanaldiekin. Sarrerak 10 euroan salduko dira eta irabazitako dirua Tas-Tas irrati librearentzako izango da osorik. Gainera, aurten Tas-Tas Irratiak 18 urte bete ditu; bi ospakizun ekitaldi berean, beraz.

Saio berezian, hamar urte betetzen dituzten beste elkarte batzuk elkarrizketatuko dituzte; hala nola Red Ciudadana para la Abolición de la Deuda Externa. Horrez gain, Vía Campesina elkartearekin eta Juntas de Buen Gobierno zapatistekin ere hizketaldiak izango dira ekainean. Eta oroimenekin amaitzeko, hamar urte hauetan egindako erreportaje eta elkarrizketa batzuen aukeraketa eta emanaldia egingo dute «La década luminosa» saioan.

«Mar de Fueguitos»-ek gizarte mugimenduak ditu hizketa gai eta saioa, Gorka Andraka kazetariaren agindupean egiten da osoki. 2005. urte hartan, saioaren zuzendaria kanpoan utzi ondoren, Radio Euskadik gune hori mantentzea erabaki zuen ildo editorial kritikoa aldatuz, eta, ondorioz, «gunea erabat hutsalduz», diote Tas-Tas Irratikoek. Milaka entzuleren kexen ondorioz, «Radio Euskadiren intentzio horien porrota» etorri zen, baina, hala ere, kexa horiek egon arren, saioak Radio Euskadin jarraitu zuen. Baina, «pertsona horiei esker», «Mar de Fueguitos»-ek Tas-Tas Irratian jarraitu zuen bere ibilbidea.

«MAR DE FUEGUITOS»

Neguá herriko gizon batek zeru altura igotzea lortu omen zuen. Itzultzean, bere bizipena kontatu zuen eta bertatik giza-bizitza begiratu zuela esan. Su txikiz beteriko itsaso bat garela ziurtatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo