GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Nontzeberri.com» Interneteko kultura ataria itxuraldatzen ari da

GARA | DONOSTIA

Nontzeberri.com atariak, Suspergintza elkartearen proiektuak, kultura sarean hedatzea du xede; Euskal Herrian gertatzen diren ekimen eta egitasmo kultural guztien gaineko informazioa barreiatzen ditu Interneteko lau haizetara. Euskarazko ataria da Nontzeberri hori. Edukiak euskaraz agertuko dira. Hala ere, hainbat ekimen osagarritan, Nontzeflash, Nontzefilm edo antzekoetan, beste hizkuntza batzuei ere helduko diete. Hau guztia zabaltzeko plataforma bereziak jartzen ditu ekoizle eta eragile kulturalen eskura, hala nola Kalesound, Argazklik, Nontze TV edo Infokultura. Horretaz gain, arrakasta handiko nazioarteko lehiaketak ere antolatzen ditu, Nontzefilmak, Argazklik eta beste asko, eta euskarazko garapen kultural garaikidea bultzatzen du.

Hemendik aurrera bere irudi berriaren eta bestelako berrikuntzen gaineko informazioa bidaliko dute, eta «Asteko plana» izeneko buletinean nabarmenduriko ekimen kulturalen aipamena egingo da. Posta zehatzak ere bidaliko dira, ekimen esanguratsu baten gaineko informazioarekin, InfoKultura edota abian dituzten lehiaketak aipatuz.

Nontzeberri.com webgunean hainbat atal lantzen dituzte. Batetik, Albisteak izenekoa: bertan, musikari, kontzertuei, antzerkiari edo dantzari buruzko albisteak topa daitezke. Bestetik, Ezleku Bat saila topa daiteke, oraingoan, idazle, argazkilari, marrazkilari edota musika taldeei egindako elkarrizketak, albisteak eta beste hainbat gauza ikusi ahalko dira. Argazkigela atalean jende ezberdin eta ugariren argazkiak kokatzen dira. Honekin loturik, Argazki Haiku atalean, haikuak jartzeko aukera emango zaio erabiltzaileari. Haiku horiek japoniar jatorriko poema laburrak dira, eta arauei zorrotz jarraituz gero, 17 silaba izaten dituzte gehienez, hiru lerrotan, eta ez dute ez izenbururik, ez errimarik behar. Izenak dira nagusi poema berezi hauetan. Beraz, erabiltzailearen lana erakusten zaizkion argazkiei halako poema labur bat jartzea izango da. Kalesound atalean musika taldeak aurkezten dira, eta horien lanen zatitxo bat entzuteko aukera ematen dute. Bidaiarte atala, berriz, erakusketen txokoa da, non izango diren, eta bakoitzari buruzko deskribapen txiki bat emanez. Azkenik, Zeuk Sortu atala dela medio nahi duen orok bere sorkuntza lanak bertara bidaltzeko aukera izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo