Felipe Izagirre DHEren aldeko kidea
Andaluziak heriotza duina bermatu du
Legearen helburua ez da profesionalei babesa ematea, herritarrei baizik (medikuak ere herritarrak dira, noski). Andaluziako herritarrek bermea dute beraiek aukeratutako Parlamentuak duintasunez hiltzeko eskubidea zainduko duela
Andaluziako Autonomia Estatutuko 20. artikuluak zera dio: «pertsona orok bere heriotza prozesuan duintasun osorako eskubidea du». Eta duela gutxi onartu den Heriotzaren Prozesuko Pertsonen Duintasunaren Eskubide eta Bermeen Legeak nolabait eskubide hori zehaztu eta bermatu nahi du. Legeak alderdi guztien onarpena lortu du, hiru artikulutan izan ezik: hots, Alderdi Popularrak Legeak osagile eta erizainen objektatzeko eskubidea jaso zezan nahi zuen, baina PSOEren eta IUren kontrako bozekin ez zen aurrera atera.
Bestalde, hainbat giza mugimenduren ekarpenak ere kontuan hartu dira; horien artean Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkartearenak, bere osotasunean onartuak. Azpimarratzekoa da Estatuko lehen autonomia dela horrelako legea onartzen duena. Nolabait, estatu osoan 2002an Gaixoaren Autonomia Legean bildutako eskubideak argitzen ditu, hala nola zeintzuk diren osasun arloko profesionalen betebeharrak, eta zein berme eskaini behar dituzten osasun arloko erakundeek. Lege hau egiterakoan, gure artean izan diren zenbait kasu kontuan hartu dituzte. Eta beste honako hau Legea egin ondorengoa da, baina argi islatzen du gaixoaren autonomia hori ez dela errespetatzen. Madrilen azaroan gertatukoa da. Maria Antonia Liebana Riosi garuneko infartu batek eraman zuen erietxera. Lehenik ikusi zuen medikuak garbi esan zien familiartekoei ez zuela asko iraungo. Baina gero beraren ardura hartu zuen osagileak. Nahiz eta artifizialki elikatu behar, kasua epailearen esku jarri zuen eta epaileak erietxeari eman zion arrazoia. Azkenean, familiak etxera eramatea lortu zuen eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkartearekin jarri zen harremanetan. Fernando Marin osagilea eta Madrileko Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko presidenteak lagundu zion emakumeari bakean hiltzen. Gaur egun, horrelako kasu bat ez da posible izanen Andaluzian aipatu Legea onartu ondoren.
Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko Federazio Elkartearentzat (DHEFE) honako puntu hauek lirateke adierazgarrienak.
1. Legeak asistentzia informazioa (2002/41 Legea) arbuiatzeko eskubidea nabarmentzen du, zeina errespetatua izan behar baita, familiartekoei beraren garrantzia agertuz eta, arren, eskatuz, informazioa jaso eta erabakiak hartzeko prest dagokeen pertsona aukera dezaten (6. artikulua). Egun, gaixo terminalen erdiak baino gehiagok ez du bere gaixotasunari eta pronostikoari buruzko informaziorik jasotzen, familiartekoei emandakoarekin ordezkatuz.
2. Heriotza prozesuan aurkitzen diren pertsona guztiek, edo prozesu honekin zerikusia duten erabakien aurrean aurkitzen direnek beraiengan eragina izan duten interbentzioetan erabakitzeko eskubidea dute.
3. Pertsona orok du interbentzio bat (8. artikulua), hala nola hidratazio artifiziala edo beste edozein bizi euskarri (antibiotikoak, serumak, transfusioak, eta abar) arbuiatzeko eskubidea. Heriotza onartzea, tratamenduak edo ahalegin terapeutikoa mugatuz, praxi onaren parte dira, Legeak zioak azaltzean argi eta zehatz baieztatzen duen bezala. Ez da berdin heriotza onartzea eta heriotza eragitea gaixoaren eskabideri erantzunaz injekzio hilgarri baten bidez. DHEren aldeko Elkartearen ustez, etikoki akatsik gabekoa da azkenengo hau ere, baina Kode Penalak zigortzen du.
4. Bizi testamentua -aurretiazko borondatea jasotzen duen dokumentua- gaixoaren autonomiaren zerbitzurako tresna egokia da eta historia klinikoan egon behar du (9. art.). Profesionalak beharturik daude gaixoari eskubide horren berri ematera eta, halaber, bizi testamentuan agertzen diren balio eta instrukzioak errespetatzera (19. art.).
5. Pertsona batek berez adierazi ezin duenean, tratamendua baimendu ala uko egitea bizi testamentuan agertzen den ordezkariari dagokio, eta ez balu, bere ezkontide edo familiartekoei (10. art.). Dementzia, egoera begetatiboan edo beste edozein atzeraezineko egoeran daudenek beren borondatea adierazi ezin dutenean, familiartekoek erabaki dezakete zer den onena maite duten pertsonarentzat.
6. Zainketa paliatiboetarako eskubidea (12. art.). Behin eskubide hau bermatuz, «paliatiboen koartadaren» falazia begi bistakoa izango da; esan ohi baita zainketa berezi eta unibertsalak dauden bitartean, ez dela eutanasiaren eskabiderik egongo, eta orduraino ez dagoela eztabaidatu beharrik norberaren bizitzaren jabegoa. Alderantziz gertatzen da, ordea; hots, paliatiboetan baliabide gehien dituzten herrialdeen esperientziak, hala nola Holanda, Luxenburgo eta Belgikakoak, erakusten digu norberaren bizitzaren jabe izatea medizinatik, paliatiboa izan ala ez, harago dagoen eskubidea dela.
7. Oinazearen tratamendurako eskubidea ( 13. art.).
8. Egoera atzeraezinean edo agonian dauden gaixoek eta egoerak hala eskatzen duenean, sedazio paliatiboa hartzeko eskubidea dute (14. art.). Edozein herritarrentzat kalitatezko heriotza heriotza lasaia, oinazerik gabekoa eta lagundua da; heriotza gozoa, igarotze bat, non gaixoa loak hartuta dagoen, hots, sedatua. Agonian dagoen gaixoaren sedazioa agindu morala da osasun arlo profesionalarentzat, eta azkenetan dagoenarentzat eskubide bilakatzen da sufrimendua arintzeko beste tratamendurik ez dagoenean. Profesionalak ez du bere betebeharrarekin konplitzen ez baditu gaixoaren balioak, sinesmenak eta lehentasunak errespetatzen (18. art.).
Legeek ez dute gizartea aldatzen, baina lagundu egiten dute. Lege honekin, mediku bat salatzea gaixoak berak edo bere familiak baimendutako sedazioa praktikan jarri duelako, zentzugabea ez ezik, delitua ere balitzateke. Baina legearen helburua ez da profesionalei babesa ematea, herritarrei baizik (medikuak ere herritarrak dira, noski). Andaluziako herritarrek bermea dute beraiek aukeratutako Parlamentuak duintasunez hiltzeko eskubidea zainduko duela. Txalotzekoa da Andaluziako Parlamentuaren konpromisoa, zeinak andaluziarren heriotzan duen eragina ebaluatzera eramango baitu.
Espero dezagun gainerako erkidegoek ere, gureak barne, bide horri ekingo diotela, batik bat ezkertiar alderdiak deitzen diren horien eraginez. Eta Espainiako Gobernuak ere kontuan hartu beharko luke eta behin betiko heriotza duinaren eskubideari bidea egin. Eutanasia eta bere buruaz beste egiten laguntzea ere kalean dagoen eztabaida da.