Sei urteko espetxealdia eskatu du Fiskaltzak AHTren aurkako gazte bat zigortzeko
Akusazio-idazkiak aditzera ematen du gazteak ertzain bat «kolpatu» zuela Ordizian 2007ko abenduan egindako protestan. Lekukoek, ordea, ertzainek hainbat pertsona bultzatu eta jo zutela salatu zuten orduan.GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Fiskaltzak sei urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu du AHTren aurkako protesta ekimen batean parte hartu zuen gizon batentzat, «ertzain bati erasotzea» eta «istiluetan parte hartzea» egotzita. Hala jakinarazi zuen atzo Efe berri agentziak, Fiskaltzaren akusazio-idazkiari erreferentzia eginda.
Testu horretan azaltzen denez, aipatutakoak 2007ko abenduaren 5ean gertatu ziren. Filipinetako presidente Gloria Macapagali harrera ekitaldia egin zioten egun horretan Ordizian, eta bertan izan ziren Juan Joxe Ibarretxe orduko lehendakaria eta Udaleko eta Aldundiko hainbat ordezkari.
Egun horretarako «18/98 prozesuaren» eta AHTren aurkako protesta ekimena antolatu zuten Foruen plazan.
Fiskaltzaren testuaren arabera, dozenaka lagun bildu ziren, «baina elkarretaratzeak baimenik ez zuenez» ertzainek bertaratutakoei joateko «gonbita» egin zieten.
Iturri berek diote protesta ekimenean parte hartzen ari zirenek ez zutela kasurik egin eta ertzainei iseka egiten hasi zirela. «Agenteek behin eta berriz joateko eskatu arren -dio akusazio idazkiak-, AHTren aurkakoak, pankartak, makilak eta beste objektu batzuk botatzen hasi ziren».
Bertsio hau parez pare jartzen da elkarretaratzean parte hartu zutenek emandakoarekin. Egun hartan lekukoek egunkari honi aditzera eman ziotenez, polizia autonomikoak bertaratutakoak bultzatu, kolpatu eta borraz jo zituen. «Erasoak Ibarretxe autotik jaisten ari zenean gertatu dira, jendea begira ez egoteari atera diote probetxu. Borrarekin hainbat pertsona kolpatu dituzte eta zaurituak daude», adierazi zuen orduan elkarretaratzean zen lekuko batek.
Bertsio kontrajarriak
Fiskaltzaren testuak diona, ordea, aipatu gizonak «gogor kolpatu» zuela ertzain bat makil batekin, eta honek zauriak zituela izterrean eta belaunean. Sendatzeko 94 egun behar izan zituela ere adierazi du testuak.
Fiskaltzaren arabera, «desordena publiko» delitu dira gazteak ustez egindakoak eta kartzela zigorra ez ezik, ertzainari 3.225 euro emateko ere eskatzen dio.
Sei urteko kartzela zigorraz gain, Fiskaltzak zauritutako ertzainari 3.225 euro emateko eskatzen dio akusazio-idazkian.