GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Literaturia

Literaturan arriskuak hartu beharraz egin dute berba poetek

Atzokoa, azken jarduna Literaturian. Eta eguna lanbro jaio bazen ere, goizetik goraino bete zen Larrabetzuko Anguleri. Igandea dela-eta trankil dabil irakurzalea, herenegun baino motelago, zaku bete hausnarketa buruan.

p040_f01_148x88.jpg

Anartz BILBAO
 
Ostiral gauean piztu zen Literaturia eguraldi malenkoniatsuz itzali zen atzo. Igandea goibel jaio zelako, edo Gosek Hori Bai gaztetxean jo eta literaturazaleak bestondoarekin utzi zituelako akaso.
 
Kontua da atzo 10.00etarako zegoela hitzordua egina, “Euskarara itzulitako liburuak dira euskarazko literatura onena?” galdera gaiztoa erantzuteko, eta guztiz ase ezin, literaturazaleek lepo bete zutela gela, Miren Ibarluzea gidari zutela Angel Erro, Koldo Izagirre eta Petra Elserrek esango zutenari adi, jakin-minez. Zinez gai interesgarria, entzuleen partaidetza izan zuena eta laburtu ezingo genukeena, kontu ugari ukitu zirelako (interesa duenak baina, www.larrabetzu.org atarian jarrai dezake, beste ekimen gehienak bezala, bertan jazotakoa).
 
Atsedenaldi txiki baten ostean, itzultzaile, idazle eta irakurleak ostera ere batu eta udaberriko liburu aurkezpenei ekin zioten gero, aurreko egunaren antzera. Plazan eta eguzkipean baino, Kultur Etxean bertan jarraitzea hobetsi zuten baina, idazleak larruzko besaulkietan ez, larru kolorekoetan zirela.

Harrikadei tokia egin
 
Eta Literaturiako funts nagusietarikoa izanda ere –idazle eta irakurleak parez pare jartzea–, atzokoan aurkezpenak lerro batean hasi eta finitu genituenez, tarte handiagoa egingo diegu orain.
 
Aurreneko txandan, saiakera, unibertsitateko ikerketa eta bilduma atonketek izan zuten tokia. Edorta Jimenez gidari zela, Jokin Urainen “Ez dago etxean” (Susa), Agurtzane Ortizen “Manex Erdozaintzi-Etxart” (Elkar) eta Eneko Bidegainen “Gerla handia, muga sakona” (Utriusque Vasconiae) aurkeztu zituzten.
 
Urainek preso jarraitzen duenez, Otamendi poetak hartu zuen “Ez dago etxean” liburua aurkezteko ardura, eta «Urain kartzelan egindako idazlea da», esan zuen, «bere lanetan etengabe kartzelaz ari dena», ihes egin nahian edo. Ortizek bere aldetik, Erdozaintzi-Etxarten biografia idazteko «abiapuntua interes literariotik» jaio zela azaldu zigun, olerkaria izan baitzen apaiz baxenabartarra. Bidegainek berriz, Lehen Mundu Gerra aztertu du Bidasoaren «Iparraldean plazaratu ‘Eskualduna’ eta hegoaldeko ‘Euzkadi’ aldizkarietako idatzietan».
 
Irati Jimenez mundakarrak hartu zuen gero hitza, eta mendebalderako bidaia egin duen “Nabarra” aldizkariaren egitasmo berria azaldu, «guztiz irekia eta norberaren harrikadari bide emateko» izango omen dena, kontuak ondo joanez gero, uztailetik aurrera, hilero. Jimenezen ondoan zen Gorka Arresek, Susako editorea den aldetik, literatura Armiarmaren bitartez euskal klasikoen liburutegi digitala egiteko asmoa azaldu zuen, Etxepare eta Lazarragatik Lizardi eta Lauaxetaraino; aurki sarean izango dena –irail bueltarako edo–. «Literatur ondarea, doan eta eskuragarri».
 
Hauen ostean Joxemiel Bidador euskaltzale nafarra –orain gutxi 39 urte zituela zendua– omendu zuten bere lagunek, Jose Angel Irigarayren ahotsean. Poeta nafarrak Bidadorrek egindako ekarpenak aipatu zituen, dantza zein hizkuntzaren alorrean, eta Pamielak udazkenean-edo «bere poema liburu bat argitaratzeko» asmoa duela ere iragarri zuen (www.blogari.net/joxemiel helbidean duzue Bidadorren berri).
 
Aurrera egiteko, Lander Garro eta Mikel Sotok hartu zuten txanda, Patxi Gaztelumendi galdezka zutela. Lehenak  “Kontrarioa” (Susa) nobelaren berri emateko, eta Txalapartako editoreak Ariel Dorfman argentinarrak idatzi eta Fito Rodriguezek itzuli “Herioa eta dontzeila” aurkezteko –Roman Polanskik pantailaratua–, «Txalapartak salbuespen moduan argitara eman duen antzezlana», torturaz mintzo dena «bete-betean asmatuta».
 
Bere aldetik, Garrok «bihurria izan nahi duen nobela» eman zigun ezagutzera, «sortzaile ororen zeregina besteen hutsuneak edo landu gabeko eremuak betetzea» denez, asmo horrekin idatzitako «apustu zintzoa, elkarrizketetan ahalegin nabarmena eginda».
 
Bukatze aldera, Yurre Ugartek eta Eider Rodriguezek narrazio liburu bana aurkeztu zuten Harkaitz Zubiriren laguntzarekin. Ugartek aurreneko liburua du “Gasolindegian” (Alberdania), protagonista «gasolindegi batean lana aurkitu duen Arte Ederretako lizentziaduna duena». Rodriguezek, bestalde, «egungoak eta errealistak» izatearen ezaugarria duten narrazioak landu ditu “Katu Jendea” liburuan (Elkar).
 
Denok gosetzen hasi ginenerako, halako batean, poesiak ere bere txokoa egin zuen Literaturian, Gotzon Barandiaren eskutik eta Omar Nabarroren –“Haragizko amoreak” (Susa)–, Edu Zelaietaren –“Aldaira urdinak” (Alberdania)– eta Pello Otxotekoren –“Anphora baita” (Alberdania)– ahotik. Eta iritzi trukea onenean zela utzi genituen... poetak «literaturan arriskuak hartu beharraz» ari zirela.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo