GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Klasikoetan klasikoak

Nafarroa kontu askotan beste mundu bat dela, edo hala nahi dutela, duela gutxi esan nuen hemen bertan, eta gobernatzen duen alderdiaren ezaugarri nagusia entzungorrarena egitea dela ere bai. Abortuaren lege berriaren inguruan egiten ari denak, baina, alderdi politiko batek izan dezakeen lotsagabekeriarik handiena erakusten du, honakoak sustatzen dituen heinean: gezurrak -Nafarroan ospitaleetako langile guztiak dira objektore?-, amarruak -badago Errege-dekretuan artikulu bat abortua egin diezaieten emakumeak beste erkidego batzuetara bideratzea ahalbidetzen duena, baina ez UPNk baliatu nahi duen helburu beraz- eta demokratikoki onartua izan dena -herriaren gehiengoari entzunda, egungo gizartearen errealitatea jasotze aldera- ez betetzeko asmo osoa. Hau da, hain zuzen, herrialde oso bat gobernatzen duen alderdiaren xede nagusia: luzaroan emakumeoi behin eta berriz ukatu zaigun eskubide bat zanpatzen segitzea. Azal lodi osoaz.

UPN bezain entzungor, moralista eta lotsagabea da Alderdi Popularra. «Bizitzaren aldeko» elkarteen lagun zintzoa, babesle fidela. Abortuak bere horretan jarrai dezan, 1985eko, alegia, duela hogeita bost urteko epai bati helduko dionak Auzitegi Konstituzionalak atzera bota dezan erreforma. Hain dira gizarte demokratikoaren defendatzaile, hain dira aniztasunaren eta ideia-askatasunaren aldarrikatzaile, askatasun eta eskubideen babesle, nahi dutenerako, komenigarria zaienean, jakina, non auzo-lotsa ematen duen gai honi buruz adierazten diren bakoitzean. Esaterako, oraindik jaio ez denaren eskubideak gartsu defendatzera ateratzen direnean; zenbat hobe dagoeneko bizirik dauden asko eta askoren bizimoduaren kalitateari hainbesteko begirunea erakutsiko baliote. Edo, kontuan hartuta lege berria datorren uztailaren 5ean sartuko dela indarrean, horren derogazioa euren hauteskunde-programara eramatea nahitaezkoa izango dutela diotenean, etsipena sentituko balute lez. Hauteskundeak irabazteko itxaropenak, sendo-sendoak, ez balitu eskuak desioz igurtziz edukiko bezala.

Grazia izpirik egingo ez balit, esan nezake «grazia egiten dit zein biziki kondenatzen dituzten kontu batzuk, behin eta berriro, matraka berarekin nekatu barik, eta zein azaletik eta funtsezkora jo gabe beste batzuk». Abortua, klasiko bat, homosexual eta transexualen eskubideak, beste bat, sexuak -maitasuna ulertzeko gai ez ote diren nago- izan behar duenaren euren ideiarekin bat ez datorren guztia gaitzetsita, terrorismoa -klasikoetan klasikoa-. Bat-batean, ordea, Israelgo Gobernuak buruturiko hain eraso terrorista nabarmena gertatzen da, daraman politika gutxi ez balitz, eta giza laguntza ematera doan mota orotako jendeari hiltzeko asmoz egiten dio tiro. Beste hainbeste egunero itotzen eta akabatzen aritzeaz gain, noski.

Bada, non daude orain terrorismoaren kondenatzaile nagusiak, moralaren eta giza zuzentasunaren zaindariak, ez baititut entzun Israelgo gobernua gaitzesten, haren epaiketa eta zigorra exijitzen, hemen egiten duten bezala. Garrasika. Zein klasikoa den hau ere, zein nazkagarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo