GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Eskola Publikoa aldarrikatu dute Amurrion

Amurrioko kaleetan festa giro ederrean aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Euskal Eskola Publikoaren aldeko hautua. Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa izan zen bertaratu zenetako bat, eta datorren ikasturterako irakaslerian ez dela murrizketarik izango agindu zuen. Sindikatuak, ordea, ez dira haren hitzez fidatzen, eta elkarretaratzea antolatu zuten beraren aurrean protesta egiteko.
p013_f02_097x100.jpg

GARA |

Jende andana batu zen atzo Amurrion Euskal Eskola Publikoaren alde antolatutako jaialdian. 19. edizioa izan zen aurtengoa eta zer ikusi eta zer entzun ugari izan zuten bertaratu zirenek. Jaialdiaren aurkezpenean antolatzaileek gogorarazi zutenez, Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren helburua eskola eredu horren aldarrikapena egitea izan baitzen.

Alde horretatik, oso pozik agertu ziren antolatzaileak. Lurdes Lekuonak, jaialdiaz arduratu zen Denon Eskola Arabako federazioko kideak, nabarmendu zuenez egindako aurreikuspenak bete egin ziren. Onartu zuen, halere, beldur pixka batekin hasi zutela eguna, hodei ilunak zeruan ikusterakoan; baina orduak aurrera joan ahala eguraldiak ez zuela okerrera egin eta hainbat jende hurbildu zela azaldu zuen.

Horren erakusgarri, bazkariak emateko janaririk gabe gelditu zirela aipatu zuen, eta arratsaldean gazteak ere ikus zitezkeela herriko kaleetatik, Bizardunak talde nafarrak kontzertua zuen-eta. Ildo horretatik, eskolako gurasoek urte osoan eta jaialdian bertan egindako lan bikaina eskertzeko eta goraipatzeko hitzak izan zituen.

Urtero bezala, etxeko guztientzako jarduerak prestatu zituzten eta Amurrioko herrigunetik kanpoko guneetan umeentzako tailerrak, antzerkia, euskal hip-hop gunea, erromeria eta kontzertuak ere izan ziren. Besteak beste, aurtengo edizioko lemari jarraituz «Geroa landu» abestia egin duen Sokaide taldea aritu zen taula gainean.

Murrizketarik ez

Hasierako ekitaldian ordezkari politiko eta eragile ugarik parte hartu zuten. Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa bertan izan zen, eta ziurtatu zuenez, sare publikoan ez da murrizketarik izango datorren ikasturtean. Zentro bakoitzean zenbat lanpostu dauden zehazten dituzten «behin betiko datuak» datorren astean jakinaraziko dituela esan zuen sailburuak, eta akusazioak «funsgabeak» direla eta «urduri jartzeko» arrazoirik ez dagoela egiaztatuko dela orduan. Joan den astean Gipuzkoako eta Bizkaiko Lehen Hezkuntzako 71 zuzendarik sinatutako agiria izan zuen mintzagai, murrizketarik eginez gero, dimisioa aurkeztuko dutela adierazi baitzuten.

Esanak esan, ez sindikatuak, ez beste alderdiak ez dira fio. Horren lekuko, ELA, LAB eta STEE-EILASek hasierako ekitaldian murrizketak salatuz egindako elkarretaratzea. Baldintzak hobetzeko eta eskola publikoa indartzeko eskatu zuten. Aralarrek berriz, hezkuntza komunitatearekin ados jartzeko eskatu zuen, eta lehengo proiektuak zertan geratzen diren tentuz jarraituko duela ohartarazi zuen EAJk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo