Aizkora Urrezko lehiaketako finala
Nazabalek ez dio inori barkatzen
Etxarriko txapeldunak azken saioko sei probetatik bost bereganatu zituen, eta amaieran bi minututik gorako aldea lortu zuen.
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan Azpeitian jokatu zen Urrezko Aizkorako final nagusian, eta Floren Nazabalek lortu zuen aurten ere txapela. Anjel Arrospide nagusi izan zen lehen proban, baina hortik aitzinera Etxarrikoak aurre hartu zuen, eta amaieran garaipena erdietsi zuen.
Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren. Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontrakoan mozten aritu ziren. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita eta beste bat etzanda erdibitu behar izan zituzten. Ondoren, 60 ontzakoa etzanda. Azken-aurreko lanean, 60 ontzakoa zutik moztu behar izan zuten, eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.
Kolpekako lanean Arrospide izan zen onena. Leaburukoak 28tan bota zuen enborra, eta 32tan Etxarrikoak. Erlojuz kontrakoan nafarrak irabazi zuen, enborra 41 segundoan bota baitzuen, eta bi segundo atera zizkion gipuzkoarrari.
Hirugarren lanean, zutikako enborra lehenago bota zuen Arrospidek, baina etzandakoan emaitza irauli egin zuen nafarrak. 1.52 izan zen Nazabalen denbora eta 2.01 Arrospiderena. 60 ontzakoa etzanda mozten ere azkarrena txapelduna izan zen, eta 1.39 izan zen bere denbora eta segundo bakar bat kendu zion Arrospideri.
Azken-aurreko lanean ere Nazabal gailendu zen, eta beste lau segundo sartu zizkion Arrospideri. 1.46 izan zen bere denbora. Azkenik, iraupen proba amaitzeko, 13 minutu eta 46 segundo behar izan zituen Nazabalek eta 15 minutu eta 55 segundo, berriz, Arrospidek. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 16 segundo behar izan zituen Etxarriko aizkolari txapeldunak, eta 22 minutu eta 37 segundo behar izan zituen, berriz, Leaburukoak. Arrospidek aurtengoan ere bigarren postuarekin konformatu behar izan du.
«Gustura aritu naiz»
Amaieran Floren Nazabal oso gustura zegoen. «Irabazitakoan beti gustura egoten da bat. Uste dut lan ona egin dudala, ongi aritu naiz eta txapel bat lortzea beti da gauza ederra», esan zuen Etxarriko txapeldunak.
Gauzak ez zirela ematen zuten bezain errazak izan esan zuen Florenek: «Kanpotik ematen duena baino estuagoa izan da. Azkeneko probara bitarte ezin izan dut alderik atera. Hori banekien hasi aurretik, eta horrela izan da, baina amaieran irabazi dut, eta oso gustura geratu naiz», berretsi zuen aizkolari nafarrak.
Azkenaldian txapelak bata bestearen atzetik ari da irabazten, baina ez du uste aurkaririk gabe geratu denik: «Egia da azkenaldian gauzak ongi doazkidala, baina aurkariak badaude. Beteranoek oraindik sasoiko jarraitzen dute, eta atzetik ere gazteak indartsu datoz».
Galdu arren, Anjel Arrospide ere gustura zegoen egindakoarekin: «Hasierako helburua probaren bat irabaztea zen eta hori lortu dut. Banekien Nazabali irabaztea ia ezinezkoa izango zela, eta horrela izan da», esan zuen Leaburuko aizkolariak.
Pena bat ere bazuen, ordea, atzoko finalaren ostean: «Zutikako 60 ontzako enborra mozteko proba hori irabazteko itxaropena banuen, baina nik egin dut huts eta berak menderatu nau. Horrek eman dit pena. Uste dut gainerakoan gustura egoteko moduan nagoela. Adin honetan beti izaten da gaizki geratzeko kezka hori, baina uste dut lan on bat egin dudala», aitortu zuen gipuzkoarrak.
Aurrera begira ere, finaletan izateak indarra ematen duela baieztatu zuen Anjel Arrospidek: «Honelako lehiaketak prestatzeko entrenamendu handiak egin behar dira, eta batzuetan nekea etortzen da eta aspertu egiten zara, baina gero emaitzak ikusita horrek poza ematen du. Nekatuta amaitu dut lehiaketa hau, baina atseden apur bat hartutakoan, berriro ere lehiatzeko gogoz izango gara».
23 urtez azpikoen finala iragartzen zen Azpeitiko hiruretako orekatuena eta horrela izan zen, baina hor ere faboritoak irabazi zuen, Ohian Larretxeak jantzi baitzuen txapela. Bost proba egin behar izan zituzten, eta horietatik lautan atera zen garaile nafarra. Saioa azken-aurreko proban erabaki zen, 60 ontzakoa moztu behar zuten proban, izan ere, hor nafarrak 23 segundo atera baitzizkion Mugertza II.ari.
Iraupen proba ere Larretxeak irabazi zuen, eta azkenean, egin beharreko lan guztiak burutzeko 19 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Ohian Larretxeak, eta 20 minutu eta 45 segundo Ugaitz Mugertzak. Bata Fausto Mugertzaren semea da, eta bestea Donato Larretxearen semea. J.L.
18 urtez azpiko finalean Eneko Saralegi zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta leitzarrak ez zuen hutsik egin, aise menderatu baitzuen Eloy Kortxero arabarra. Hauek lau lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta nafarrak minutu eta erditik gorako aldearekin lortu zuen garaipena. Saralegik, 7 minutu eta 41 segundoan burutu zituen lan guztiak, eta Kortxerok, berriz, 9 minutu eta 21 segundoan.
Finala, nahiz eta Azpeitian jokatu den azkeneko urteetan bezalaxe, lekuz aldatu zuten, eta onerako izan da. Azkenaldian Izarraitz pilotalekuan jokatu izan da, baina herenegun gauean Betarran pilotalekuan jokatu zuten lehen aldiz. Jendea askoz ere gertuago kokatzen da, eta hori aizkolariek nabaritu zuten. Sarrera ere bikaina izan zen hiru finalak ikusteko.