Kronika | Italian, atez ateko ezagutzen
Atez ateko sistema garatzeko asmoz, Italian ibili dira Gipuzkoako udal ordezkariak
Zaborrak ezkutatu beharrean, azaleratu egiten ditu atez ateko bilketa sistemak. Behin etxetik atera eta edukiontzian botatakoan, desagertu egiten direla badirudi ere, gaikako bilketa egiten duten herrietan ez dela hala ohartu dira. Atez atekoaren antzeko moduak ezagutzeko, Italian ibili da egunotan Gipuzkoatik joandako ordezkaritza zabala.
Janire ARRONDO
«Hasieran beldurrez hartzen bada ere, denborarekin jendeak eskertu egiten du». Usurbilgo esperientziak erakutsita, lehendik horretan baziren ere, atez atekoa ezarri orduko haserrea eta ezinegona zabaltzea bai Euskal Herrian bai eta Italian ere ohikoa dela ikusi dute.
Hain zuzen ere, atez ateko biltze sistemak ezagutu eta Gipuzkoan zabaltzeko helburuarekin 40 laguneko taldea izan da egunotan Italia iparraldeko Lombardian eta Piemonten. Bost eguneko bidaiaren ondoren gaur itzuliko dira etxera maleta bete ideia eta asmo. Sanmarko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortegaz eta lehendakariorde Imanol Azpirozez gain, Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondo, Hernaniko Marian Beitialarrangoitia, Oiartzungo Aitor Etxeberria eta Urnietako Mikel Izagirre ere bertan izan dira. Lezoko, Pasaiako eta Lasarteko zinegotzi edo teknikariak ere han ibili dira.
Bestalde, Donostialdetik at Debagoieneko hainbat herritatik ere ordezkaritza izan da atez ateko bilketa ezagutzen, Arrasate, Antzuola eta Eskoriatzatik hain zuzen ere.
Gaikako bilketa abiarazi baino lehen, Herrialde Katalanetan ibili ziren sistema ezagutzen. Orain, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen hondakinen arazoa ingurumena zein osasuna kolokan jarri gabe konpontzeko sistema bat badela erakutsi badute ere, horretan sakontzeko asmoz atez atekoan aitzindari direnengana jo dute. Horrela, hainbat partzuergoetako arduradunen eskutik euren sistemaren berri jaso ahal izan dute, baita konpostatze plantak zein herrietako atez atekoa egin ahal izateko azpiegiturak ezagutu ere.
Italian atez ateko sistemari ekitea erabaki zuen lehen partzuergoa Lombardiakoa izan zen. Zehazki, 1995 inguruan, etxeetan sortzen zen hondakin kopurua izugarria zenez, arazo horri irtenbide azkar bat eman beharra zegoela ikusi zuten. Hala, birziklatzearen eta berrerabiltzearen alde egin zuten apustu. Giovanni Poiltoni izan zen eskualde honetan sistema hau martxan jarri zuen lehen alkatea eta bera arduratu zen Euskal Herritik joandakoei Albairateko (Lombardia) konpostatze planta erakusteaz.
Lurrari kendutakoa, itzuli
Gune hauetan, zehazki, organikoak era naturalean izango lukeen prozesua errepikatzen da, hori bai, eraldatze hori lehenago eman dadin egiten dute. Hartzidura hori azkartzea, azpitik airea botata eta goitik xurgatuta lortzen dute. Planta honetan 20 udalerri eta 100.000 biztanletik gora biltzen dituen Noviglia partzuergoko organikoak tratatzen dituzte. Partzuergo honetako herri guztietan hondakinak bereiztea derrigorrezkoa da, hala, Giovannik agertutakoaren arabera, egunean 30 tona organiko biltzen dira. Erdia baino gehiago, atez ate etxeetatik bildutako organikoa izaten da eta, gainerakoa, baratze edo nekazaritzatik jasoa. Hiruzpalau hilabeteko tratamenduaren ondotik, berriro ere nekazaritzarako erabiltzeko ongarria ateratzen dute.
«Gipuzkoan horrelako bat behar dugu». Horixe izan zen hango konpost planta ezagutzean Euskal Herritik joandako ordezkarien iritzia. Zehazki, Usur- bilen horrelako gune bat prestatzeko tramiteak hasiak bazituzten ere, epaitegietara joz geldiarazi du proiektua Aldundiak. Marian Beitialarrangoitiak GARAri azaldutakoaren arabera, «Zubietako errauste plantaren proiektuari eusteko, beharrezko dute organikoaren konpostatzea geldiaraztea». Atez atekoaren aldekoek argi dute Aldundiak errauste plantarekin duena «negozioa» dela eta horri eusteko beren pauso guztiak gelditzeko ahalegina egingo duela.
«Lurretik jasoa lurrari itzultzea» da konpost planten helburua, astelehenean ezagutu zuten bigarren planta bateko arduradunetako batek azaldu zuenez. Oraingoan, Piemonte eskualdeko GAIA gunea ezagutu zuten. Hor, urtean 23.000 tona organiko artzatzen dituzte.
Italiako atez atekoa Usurbil, Hernani zein Oiartzunen eredu badute ere, bidaia honetan desberdintasunak ere aurkitu dituzte. GAIAko konpost gunean esaterako, organikoekin bildutako oker sailkatutako hondakin (inpropio) kopurua %9-10 ingurukoa izaten dela azaldu zuen bertako teknikariak. Organikoa biltzeko erabiltzen dituzten plastikozko poltsei dagokie errefusa zati hori. Planta honetako prozesuaren zati esanguratsu bat poltsak bereiztera bi- deratzen dute. Datu horien parean, Usurbilen, esaterako, organikoarekin bildutako oker bereizitako hondakin (inpropio) kopurua ez da %1era iristen.
Hiru herrietako alkateek zein mankomunitateko ordezkariek berehala ikusi zuten, alor horretan behintzat, gakoa hasieratik organikoa ahalik eta ondoen biltzean dagoela, bestelako gairik nahastu gabe.
Gaika biltzea beharrezko
Italiako hainbat eskualdetan gaikako hondakin sistema ezartzen lagundu duen ERICA kooperatibako lehendakari Roberto Cavallo ere bisita honetan gidari izan dute euskaldunek. Cavallok berak ezaguna du Usurbil, Hernani eta Oiartzungo gaikako bilketaren ezartzea.
ERICA kooperatiba 1996an sortu zen eta, egun, Italian atez atekoa ezarri nahi duten partzuergo edo udalerriei laguntzen aritzen da.
Cavallok azaldutakoaren arabera, Italian legez hondakinen %65 gaika biltzea derrigorrezkoa da eta helburu hori gaikako bilketarekin soilik lortzen dute. Piemonten, esaterako, eskualdeko lege batek lege nazional hori betetzen ez duena zigortzea arautzen du. Isun bidez bildutako diru hori, berriz, birziklatzearen garrantziaren gaineko kanpainak egiteko erabiltzen da.
ERICAko lehendakariak azaldu zuenez, atez atekoa ezarri ondoko lehen bi hilabeteetan ohikoa da jendearen haserrea eta ezinegona. Hasieran ezezaguna den horrek sortzen duen beldur hori, baina, denborarekin desagertzen dela zioten. Are gehiago, behin horretara ohitzean jendea esker oneko agertzen dela zioen Cavallok.
Bilketa sistema aldatzeko garaian herritarren eta erakundearen arteko komunikazioari garrantzi berezia ematen dio ERICAko lehendakariak. Bereziki nabarmendu zuen, kolore politikoen gainetik, hondakinen arazoari irtenbidea emateko elkartzea beharrezkoa dela. Bestalde, herritarrei edo bizilagunei informazio osoa eman behar zaiela adierazi zuen.
Azkenean, Euskal Herrian ere atez ateko sistema ezagutzen dutenek etxean sortzen duten hondakin horren kontzientzia dute orain. Gaikako bilketan hondakinak bereiztearekin zenbat zabor sortzen dugun ohartzen garela diote etxean sistema hori erabiltzen dutenek.
Sortzean, ordaindu
Europako araudiak jasotzen duenez, hondakinen kudeaketan bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzeko sistemak ezarri behar dira. Kontua da Euskal Herrian ohiko edukiontzien sistemarekin ezinezkoa dela hori. Piemonten martxan dituzte bizilagunek atez atekoarekin zenbat zabor ateratzen duten neurtzeko sistemak. CSS partzuergoan 2003an hasi ziren atez atekoarekin eta hondakinen gutxitze berehalakoa nabaritu zuten. Bizilagunei sortzen dutenaren arabera kobratzen hasi zirenetik ere, beheraka jarraitu du neurri horrek. Hemen baina, komunitateetan bizilagun guztien artean zenbat sortzen den neurtzen da; sistemak ez du zehatz norbanako bakoitzarena neurtzen. Bestalde, mikrotxip bidez kontuan hartzen dena edukiontzien ateraldi kopurua da eta ez aldiko ateratzen den pisua. Beraz, edukiontzia bete arte etxean izan beharko luke bakoitzak. Donostialdean martxan jarri duten sistemarekin baina, norbanako bakoitzak sortzen duena neurtzea legoke, nork bere edukiontzia duelako. Bide horretan, Hernanin, esaterako, udazkenerako komertzioetan mikrotxip bidez zenbat hondakin sortzen duten neurtzen hasi eta horren arabera ordaindu beharko dute. Usurbil, berriz, atez atekoan Gipuzkoan aitzindari izanda, urte amaiera edo datorren urte hasierarako saiatuko da sistema osoa era horretan egiten.
Poltsa bidezko ordaintze sistemak ere ezagutu dituzte Italian. Hondakinen kudeaketa arduradunek bizilagunei etxean zenbat bizi diren kontuan izanda gai bakoitzerako mota bateko poltsak banatzen dizkiete Dogliani herrian. Roberto Cavallok gidatzen duen ERICA kooperatibarekin elkarlanean jarri zuten martxan Piemonteko Asti probintzian atez atekoa.
Erabateko birziklatzea
Udalerri honetan hondakinen bereizketa ia erabatekoa ezagutu dute. 4.800 biztanleko herri honetan, 2003an, atez atekoarekin hasterako, %15,77 birziklatzen zuten soilik. Gaikako bilketa martxan jarritakoan baina, neurria %84,23raino igo zen. Errefusa guztia deuseztatzea garestiegia zelako hartu zuten erraustegirik ez egiteko erabakia, eta hemen argi dute atez atekoa ekonomikoki ere hobe irteten dela. Bertako Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, kaleetan hainbat neurri jarri dituzte hondakinak gutxitzeko helburuz. Esnearentzat, esaterako, makinak jarri dituzte nork bere botila bertan bete dezan eta urarentzat jartzeko asmoa ere badutela azaldu zuten. Era berean, inprimagailuen tinta botatzeko edukiontziak ere jarri dituzte.
Hala ere, udalerri honetan azaldu zutenez, komunikazioari garrantzi berezia ematen dioten. Urtero kanpainak egiten dituzte, gizartea hondakinen murrizketaren gainean kontzientziatzeko. Hala, tartean pixoihal berrerabilgarriak erabiltzeko kanpainak egin dituzte, baita poltsa berrerabilgarriak erabiltzeko ere.
Azken helburua, Zero Zabor
Atez atekoak birziklatze portzentajeak maximizatzea helburua badu ere, atzean duen asmo nagusia etxean sortzen den hondakin kopurua jaistea da. Gaikako bilketak norberak etxean zenbat sortzen duen erakusten du, eta sortzen denaren arabera ordainduz gero gainera, sortze neurriak berehala jaisten direla ikusi da Italian.
Oinarrian kontzientziazioa eta ohitura aldaketa dago; hala ere, sortzen den horren arabera ordaintzeak sortzen den hori gehiago zaintzea dakarrela uste dute. Hala, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen sortzen denaren araberako ordainketa prestatzeko erronka dute datozen hilabeteetarako.