GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu-ordezkaria «iraintzeagatik» Pauen epaituko dituztenekin bat egin du LABek

GARA |

Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak ezarritako salaketaren karietara, sei frantses herritar epaituko dituzte Pauen ostegunean, 9.00etatik goiti.

2008ko udan, bertan baimenik gabe bizi zen Kuka familia albaniarra atxilotu eta Hendaiako atxikitze-zentroan sartu zituzten, haurrak eta guzti, kanporatuak izan bitartean.

Bost eta zazpi urte zituzten haurren arrastatzeak baina, hautsak harrotu zituen Estatu frantses osoan eta, egun batzuen buruan, aske utzi zuten familia osoa.

Alta, gaitzespen horietako batzuek «zerbitzu publikoaren baitan bere egitekoa betetzen duen pertsona iraindu zutela» iritzita, prefetak salaketa ezarri zuen Eric Soares, Daniel Candas, Yves Ribault, Pierre Favre, Gerard Chevrot eta Valerie Martinez-en aurka. Elkar ezagutzen ez duten auzipetuok, erabilitako metodoak Vichyko gobernuak zituenen antzekoak direla salatu zuten, posta elektroniko bidez.

Elkartasuna

Epaiketaren atarian, elkartasun adierazpen ugari jasotzen ari dira Estatu osoko kolektibo eta erakundeengandik. LABek ere sostengua adierazi die sei herritarrei. Rey prefetak «adierazpen askatasuna ukatzen duen lehen aldia» ez dela gogoratu du sindikatu abertzaleak, horren erakusgarri Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako «jazarpena» aipatuta.

«Babes eskubidea zangopilatuz, gustuko ez dituen adin guztietako kanpotarrak presondegi moduko zentroetan zerratu, familiak bereizi, langileak eskubiderik gabe eta paperik gabe utzi esplotaziora kondenatuz»... hartzen diren neurrion aurka «oldartzea, zuzena eta bidezkoa» dela gaineratu du LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo