Ariane Kamio Kazetaria
Mereziko du, ziur
Hazten hasita dagoen seme-alabari bi oinen gainean ibiltzen erakusteak ofiziozko izaera bat eskatzen badu, are gehiago jaio berri denari hasierako zaintzak ematea eta munduaren erakusgarri direnetara hurbilaraztea. Azken batean, deskubrimenduaren garaira erdu da, eta zalantza bakoitza argitu beharrean aurkitzen da, jakin-minari ezin eutsiko egoera batean egotera behartuta baitago. Hau, hori, hura, beste, hangoa, urrunagokoa... Zergatik ote da gauza bakoitza era zehatz batekoa eta ez bestelakoa? Handiak, txikiak, zailak, errazak, moldatuak, originalak... Nondik sortzen dira bakoitzaren izaera horiek?
Familia «multiparental» bati egokitu zaio azken kasuan lanean buru-belarri aritzea. Azken hiru urteetan umea osatzeko ahaleginetan arituta, igandean erditu zen kattagorri berria, edo hobeto esanda, estreinako familia, ohiko moldeetatik urrun, dozena bat aita-ama baino gehiagoz erdietsia.
«Multiparentala» da bai Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, beren oinordekoa, euskal antzerkigintza, euskarazko «heziketa» baten baitan eraiki eta sendotzeko helburuz ezkondutakoa. Josu Kamara presidentearen arabera, euskal antzerkia oraindik sortzeke dagoen zerbait da. Dagoeneko sortua dela agian begi bistakoa da, baina zerbaitek zutik jarri eta oinez aurrera egitea galarazten dio, berriro lurrera erori eta altxatzeko esfortzua gero eta neketsuagoa izanda. Horrek badu bere aldekorik, ordea. Izaera gaztea izatean, «biziorik» hartu gabekoa dela esan daiteke, erakusterraza eta aro berrietan sortzen diren korronteetara moldaerraza. «Antzerkia deus baino lehenago sorkuntza baldin bada (...), euskarazko antzerkia sendatzea, osatzea eta bizkortzea ezin garrantzizkoago helburua da» EHAZEko sendiarentzat.
Igandean formalki «erregistroan» jaiotzaren izen ematea soilik egin bazuten ere, hilaren 22an aurkezpen publikoa egingo dute Kafe Antzokian, Euskal Herrian izango dituen amabitxi eta aita pontekoekin batera. Familia eredu berri honi helduta, hezi beharrean dagoen euskal antzerkigintzaren etorkizuna bermatuta dago eta, beste batzuenak ez bezala, gurea gaztea baina aurrez definitutako izaeraduna da. Euskalduna, euskal herritarra eta euskarazko obrekiko atrakzio berezia duena. Ez daukagu aitzakiarik, beraz, irekitako bideari jarraipena emateko. Mereziko du, ziur.