GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Aramaio Etxaburu Preso ohia eta torturen biktima

Bizikidetzarako plana...? Kontuz!

Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da eta zuen dokumentuak horixe legitimatzen jarraitzen du

Hasieratik susmo txarra hartu nion abian den bizikidetzarako plan horri eta elbarri jaioko dela ere bistan da, ikusirik nortzuk diren sortzaileak.

Beraiek esaten duten indarkeriari edo ETAren «terrorismoari» legitimazioa kentzea da helburu nagusietariko bat, baina esan barik inola ere berori gatazka politiko baten ondorioa dela.

Euskal Herriko historian zehar eta aspalditik datorren gatazkaren existentzia ukatzen bada, bizikidetzarako egin den dokumentua doktrinamendu plana baino besterik ez da, espainolizatze plana.

Instituzio demokratikoak aipatzen dira, Espainiako Konstituzioa, zuzenbide estatua, balore demokratikoak; beraz, berorien defentsarako heziketa plana. Francoren garaiko Formación del Espíritu Nacional delakoa dakarkit gogora. Inposaketaz ezarri diguten Espainiako Konstituzio horren joko arauetan nahi gaituzte sartu. Berori ontzat hartzen ez dugunok espainiar Estatuaren terrorismoa jasotzen ari gara eta torturen biktimak izan garenok badaukagu zer esanik.

Terrorismoa edo indarkeria zer izan den eta nondik datorren jakiteko historiari buelta ematea besterik ez dago.

Erromatarren garaitik mendebaldeko pirinioetako eremuak botere politiko eta Europako estatu gisa, Euskal Herriari dagokionez, lau fase hauek izan zituen: Waskonia bezala (504tik 824ra), Europako Nafarroako Erresuma bezala (824tik-1620ra), Frantziaren eta Espainiaren artean zatituriko Europako Nafarroako Erresuma bezala (1620tik 1841era) eta egungo egoera 1841. urtetik Euskal Herriaren (Nafarroa) subirotasunaren ukapena.

Gaztelako Fernando II.a erregea desmitifikatu beharra dago. Konkistatzaileen historiak dioenez, Espainiako batasunaren egile izan omen zen; beraz, «gizon handia», kontuan hartu beharrekoa. Euskal Herriarentzat, ordea, Espainiako historian izan denik terrorista handienetariko bat besterik ez zen izan, inperialista handinahia eta Jainkoaren izenean eta Eliz hierarkien babesaz baliatzen zena okupazio lanetan indarkeria bortitza erabiliz.

Historiak inoiz ez du demostratuko inolako justifikaziorik egon zenik Nafarroa penintsularra katoliko hark biolentziaz eta militarki hartzeko, eta konkistatzeaz gain, ondorengo okupazio, inbasio eta menpekotasunean bizi behar izateko, Gaztelari anexionaraziz, konkistatutako kolonia gisa. Herritarrek etengabeko jazarpena jaso behar izan zuten, obedientzia ematera behartuta, bestela, errebelde izatearen akusaziopean, torturak, ihes egin beharra, heriotz zigorra, beraien haziendetatik desjabetzeak... jasan behar. Herriarentzat sufrimendua.

Gaur egun, Noaingo bataila oroituz, urtero egiten da kontzentrazioa Salinas de Galarren, bertan dagoen oroitarriaren aurrean, inbaditzaileen aurka Nafarroaren independentzia defendatuz bizia eman zutenak gogoratu eta omentzeko. Amaiurren defentsan bizia galdu zutenak ere Nafarroako historian daude.

Beti gertatu izan da aldrebeskeria historikoa. Nafarren gogoz kontrako ekintza bortitzak izan ziren haiek. Menperatuta geratu zen herriak agintariei obedientzia aitortzera behartuta, «bizikidetza» egon zedin.

Historia errepikatu egiten den honetan, terminologia batzuk aldatu dira. Inbaditzaileei egiten zitzaien erresistentzia edo defentsan aritu ziren eusko gudariei buruz ari naiz. Urrutiko iraganean «errebeldeak» deituz, gero, «gorri separatistak» eta, egun, «terroristak».

Bizikidetzarako baino konfrontaziorako ituna izango da hori. Nik badaukat zer eta nola konta gure etxean neure ilobei.

Euskal Herrian bizi garenok, nafar guztiok, independentzia eskubidea daukagu. Herri bat lur eremu batean bizi denean, ez dio bere lurra ematen datorren lehenari. Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da eta zuen dokumentuak horixe legitimatzen jarraitzen du. Espainiak eta Frantziak lapurtu ziguten independentzia ez da inoiz preskribituko, ezta geurea indarrez kenduz egin zuten delitua ere.

Ni nor naizen esango dizuet. Ondarrutar nafarra, 1940. urtean jaioa, hainbat aldiz torturatua eta egun oraindik gorputzean zigor haien aztarnak dituena; beraz, indarkeriaren biktima eta zuen zerrendan inoiz egongo ez dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo