«Gezurrak alde batera utzita» negoziatzen has dadin exijitu diote Adegiri ELAk eta LABek
Aurreneko bi greba egunetan Gipuzkoako metal sektorea «ia geldirik» egon zela gogorarazi ostean, biharko eta etziko ere greba deitua dute. Patronalari «behingoz» jarrera alda dezan exijitu diote bi sindikatuek.
Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA
ELA eta LAB sindikatuetako Gipuzkoako metal arloko arduradunek, Jose Luis Vidalek eta Jon Ander Goñik hurrenez hurren, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Gipuzkoako patronalaren egoitzaren atarian bi sindikatuotako dozenaka ordezkarirekin batera. Joan den maiatzaren 28an eta ekainaren 4an Gipuzkoako metal sektorean egindako bi greba egunak guztiz arrakastatsuak izan zirela adierazi zuten eta Adegik jarrera aldatzen ez badu, bihar eta etzi berriro ere protesta egunak izango direla gogoratu zuten.
Zentzu horretan, enpresa-batzordeak dituzten lantokien %90ek eta enpresa txiki nahiz ertainen %85ek lehen bi egunetan greba egin zutela nabarmendu eta Adegi gezurretan ari dela salatu zuten. Izan ere, patronalak bi protesta egunetan lanuzteen jarraipena txikia izan zela adierazi zuen. Horregatik, eta sektorea «ia guztiz geldi» egon zelako, «gezur gehiagorik» esan ez dezan exijitu zioten.
Horrez gain, lanuztea egin eta manifestazioetan parte hartu duten milaka langileak kontuan har ditzan esan zioten. Izan ere, metalgintza alorreko langileek ez dutela eskubide murrizketarik onartuko argi eta garbi utzi dutela nabarmendu zuten ELAk eta LABek.
Hala, bi sindikatuek, azken hilabeteetan egin bezala, Adegiri hitzarmenaren «benetako» negoziazioari ekin diezaion exijitu zioten berriro ere, hori bai, orain indarrean dagoen hitzarmena oinarri hartuta. Hortik abiatuta, hitzarmen berri eta «duina» sortu behar dela aldarrikatu zuten ELAk eta LABek. Izan ere, sindikatuen arabera, gatazka honetako gako nagusia Adegik funtsean hitzarmen berri bat sortu nahi duela da, egun indarrean dagoen hitzarmeneko 20 artikulu baino gehiago ezabatu nahi baititu. Hala, «sufrimendu itzelaz» lorturiko eskubideak murrizterik ez dutela onartuko berretsi zuten.
Horren harira, Adegik sindikatuei negoziazio arauak errespetatzen ez dituztela leporatu die eta patronalak negoziazio mahai gainean berak nahi dituen proposamenak jar ditzakeela defendatu du. ELA eta LABen iritziz, ordea, aurkeztu dituen proposamenak azken hitzarmeneko edukiak hobetzeko izan behar dira, hala egin baita beti negoziazio kolektibo guztietan, alegia, azken hitzarmena oinarri hartuta, berria osatu.
Enpresariei deia
Era berean, bi sindikatuek azaldu zutenez, Gipuzkoako metalgintza arloan badira Adegik negoziazio mahaian duen jarreraren aurka dauden enpresari ugari. Enpresari horiei negoziazioa desblokeatu dadin beharrezko baldintzak sortuko dituen jarrera hartzeko deia egin zieten.
Azkenik, UGTren eta CCOOren jarrerarekiko kezka azaldu zuten eta azken asteotan ELA eta LAB kritikatzen metaleko hitzarmena defendatzen baino denbora gehiago eman dutela gaitzetsi zuten. Era berean, Adegirekin izandako azken bileraren ostean UGT sindikatuak patronalari negoziatzeko borondatea antzeman ziotela esan ostean, ELAk eta LABek patronalak ez duela inondik inora bere jarrera aldatu baieztatu zuten. Hala, Adegiren jarrera aldatzeko modu bakarra langileen mobilizazioa eta borroka direla berretsi zuten.
CCOOk eskatuta, bilera egin zuten atzo Adegik eta sindikatuek. Bileraren ostean, patronalak jarrera aldatu duela esan zuen CCOOk eta hitzarmena negoziatzen jarraitzeko «aukerak» ikusten dituela. LABek blokeoak bere horretan jarraitzen duela azaldu zuen eta gogor salatu zuen bai CCOOren bai UGTren jarrera.