GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Presoen erabilera politiko makurra

Sobera ezaguna da euskal presoek jasaten duten egoera latz etengabea. Etxetik urrun, bizi baldintza zurrunetan eta kontrol zorrozpean daudela, euren senideek ere jasan behar dituzte baldintza horien ondorioak. Lehenik, balorazio politikoen gainetik, esan beharra dago arras jokaera eskasa dela egoera latz hori edozein etekinen bila erabiltzea. Hala ere, Gobernuko arduradunek berek aitortu dute babesgabeen daudenak tresna politiko gisa erabiltzen dituztela, beren diskurtso etiko eta morala lotsagarri utzita. Azken asteotan 73 euskal preso espetxez aldatu dituzte, eta gauza jakina da lekualdatze batean zenbat eskubide-urraketa metatu daitezkeen, sendiaren larriminetik presoak jasaten duen zigorreraino.

Ez da kontu berria demokrazia batean preso politikorik ez dagoelako lelo behin eta berriz errepikatua. Eta paradoxikoki, gobernu espainiar guztiak tematuta agertu izan dira beren espetxe politikaren bidez euskal presoen izaera politikoa nabarmentzen, propaganda aparatuen bidez ukatu izan badute ere. Eta, ondorioz, gobernu horiek beren gabezia demokratiko larria ezin ageriago utzi dute.

Espetxe politika horren elementu nagusia, muturrera eramaten ari direna, presoa ideologikoki eta afektiboki bakartzea da; hala ere, azkenaldion egiten ari diren mugimenduak presoen onerako direla sinetsarazi nahi dute, sakabanaketa abiatu zutenean bezala, helburu politikoa ezkutatzen ez duten arren, eta hura lortzeko presoen suntsitze fisiko eta psikikoa dute bitarteko. Horiek horrela, gizarteak presoek bezain argi izan behar ditu bere presoak horrela tratatzen dituzten arduradun politikoen helburu eta prozedura makurrak. Esanguratsua da, gainera, ezker abertzaleak ziklo berriaren aurrean prozesu demokratikoaren aldeko apustua egin berri duenean, Gobernuak bere apustu errepresiboa areagotu izana. Hartara, presoen kontrako erasoa gizartearen kontrako eraso gisa ere hartu beharra dago, baita horren araberako erantzuna eman ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo