GARA > Idatzia > Kultura

Afalosteko kontaketen antzera, Gipuzkoako historia ipuin egin dute

Gipuzkoako historia haurrentzako ipuinen bitartez azaltzen duen bilduma argitaratu du Elkar argitaletxeak. Gaztetxoei Gipuzkoako historiaren hainbat zertzelada eskaini nahi dizkiete sorta honen bidez, modu errazean, garaian garaiko bizimodu eta ohiturak azalduz.

Maddalen LARRINAGA

Elkar argitaletxeak, Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxak, bi urteko elkarlanaren ondoren, Gipuzkoako historia kontatzen duen ipuin bilduma atera berri dute, «Gipuzkoako Historia ipuinen bidez» izenekoa. Bilduma honen bitartez, garai batean, afalostean-eta izaten ziren ipuin kontaketak berreskuratu nahi dituzte. Hamaika liburuxkak eta DVD-ROM batek osatzen dute lana, eta historia-ipuin sorta hau Euskal Herriko dendetan erosteko aukera dago, bilduma osoa 70 euroko salneurrian; ale solte bakoitza, bestalde, 5,50 euroko salneurrian, eta soilik DVD-ROMa, 25 euroan.

Liburuxka bakoitzak historiako garai batean oinarritutako ipuin bat kontatzen du. Pako Aristi idazleak, adibidez, Katalina neska gazteak Mirandaolan bizitakoak kontatzen ditu, bertako bizimodu eta lanak erakutsiz, edo «Kortsario zaharraren negarra» alean, Ilustrazio garaian sartzen du irakurlea, kortsario izandako gizon baten kontaketen bidez.

Mitxel Muruak idatzitako istorioetan kristautasunaren etorrera deskribatzen du Marta gaztearekin, baina Ekain haitzuloan bizi ziren Aritz eta bere familiaren bizimodua azaltzen du aldi berean. Aipatutako horiez gain, hainbat egilek parte hartu dute bilduma honetan, besteak beste, J. M. Olaizola Txilikuk, Xabier Mendigurenek eta Manuel Arregik -azken honek horren guztiaren laburpena egin du azken alean-.

Elkar argitaletxeko ordezkari Olatz Osak azaldu zuenez, «idazleek maisuki egin dute lana, oreka bat aurkitu dute». Izan ere, gure historiako pasarteak ipuin moduan kontatzen dira, elkarrizketa bidez, Juan Carlos Nazabal eta Jose Anjel Lopetegik egindako marrazkiez jositako 32 orrialdetan, eta data eta izen gehiegi eman gabe, sei eta zortzi urte bitarteko haurrentzako egindako kontaketak baitira.

Material honen erabilera zabaltzeko, museo eta eskoletara ere ale bana bidaliko dute, historia ikasteko eta irakasteko baliagarria izan daitekeelakoan. Gainera, DVDak joko interaktibo batzuk ditu, zenbait alor zehatz landuz. Bertako marrazki bizidunak Lotura Films ekoizpen etxeak egin ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo