GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Zazpi Kaleetan egin du habitata Katixa Agirrek, eta Liburu Azokaren saria lortu

p042_f01_148x100.jpg

Anartz BILBAO

Bilboko Liburu Azokak Zazpi Kale saria eman zion atzo Katixa Agirre idazleari, «Habitat» ipuin liburuagatik. Azken lau urteak Bilboko Zazpi Kaleetan eman dituen gasteiztarrak iaz plazaratu zuen bizilekua oinarri duten sei ipuin biltzen dituen lan saritua, Elkar argitaletxean.

Ekitaldi xume eta zehatz baten bitartez, Bilboko Liburu Azokak, Ana Castro zinegotziaren bitartez, Zazpi Kale saria -Zumalabe margolariaren lana- eman zion atzo Katixa Agirreri, iazko otsailean aurkeztu zuen «Habitat» ipuin liburuagatik.

Gasteiztarrak, «Bilborantz mesfidantzaz begiratzera ohitua» izanagatik, bertan eman dituen urteotan «Bilbok irabazi nau» esanda eskertu zuen saria. Ondoren, egun «Habitat» gaztelaniara itzultzen ari zela jakinarazi zigun -«esker txarreko lana», bere esanetan-, Liburu Azokako ekitaldi aretoan «editoreren bat balego, liburua argitaratu nahiko lukeena».

Liburu aurkezpenak

Ekitaldi berean Nerea Pedraz eta Miren Agur Meabek liburu bana aurkeztu zuten, azken honek Eider Eibar marrazkilariarekin.

Nerea Pedraza hamahiru urte baino ez dituen nerabea da -Bilboko Liburu Azokan inoiz izan den idazle gazteena, bertako arduradun Asier Muniategiren esanetan-, eta «Un amigo es el tesoro más preciado» (Anubis) du aurreneko literatura lana, bederatzi hilabetetan idatzia. Bertan, adiskidetasuna goratzen du. «Asmoa ikastetxeko idazlan batetik abiatu zitzaidan, ipuin luze bat idatzi eta irakasleak talentua nuela esan zidanean» aitortu zigun bilbotarrak, liburua aurkezteko ikastetxetik piper eginda. Barnetegi batera doan neskato bat du protagonista liburuak, «bertan adiskidetasunaren eta maitasunaren balioa ezagutzen duena».

Pedrazen ondoren, Miren Agur Meabek hartu zuen hitza, Eider Eibarren laguntzarekin «Mila magnolia lore» (Gero) aurkezteko. Lekeitiarrak eskarmentu handia du haur eta gazte literaturan, baina Pedraz bezala, pozik zen atzokoan, Bilboko Azokan lan bat aurkezten zuen lehen aldia zela-eta.

Album neurrian plazaratua, «Mila magnolia lore» ospitalean eri dagoen neskato bat du protagonista. Gelako leihoaren parean loretan den magnolia eder bat du, irudimenaren bidez ihes egiten laguntzen diona.

Kutsu existentzialistadun lan honetan, bi ahots entzun daitezke, narratiboa bata, bigarren pertsonan eta labur, neskatoari jazotzen zaiona agertzen diguna; eta lirikoa bestea, haurrak berak olerki eta marrazkien bitartez azaltzen diguna. Horretarako, Eider Eibarren marrazkiak erabili dituzte, «ospitaleko errealitatea eta irudimeneko ihesa», bi munduak uztartze aldera.

Bestalde, Bilboko Liburu Azokak Andres Urrutia euskaltzainburua sarituko du gaur 11.30ean, Urrezko Lumaren bitartez; eta Antonio Muñoz Molina idazle espainiarra, ibilbide oso bati ematen zaion Zilarrezko Lumaren bitartez.

Eguerdian saria jasotzeaz gain, arratsaldean, 19.30ean, hitzaldi bat ere emango du Muñoz Molinak, Iñaki Esteban kazetariak gidatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo