Aurore Martini ez diote euroagindua ezarriko
Paueko Auzitegiak ez zuen Auzitegi Nazionalak Aurore Martinen kontra egindako euroagindu eskaera onartu. Fiskalak helegiterik aurkeztu ezean, Batasuneko kidea ez dute Espainiaratuko. Olatz Izagirreren eskaera atzo aztertu zuten. Asteartean jakinaraziko du erabakia epaitegiak.Arantxa MANTEROLA |
Paueko Dei-Auzitegiak Aurore Martinen aurkako euroagindua ez onartzea deliberatu zuen atzo. Epailearen esanetan, ez da «datu zehatzik» Auzitegi Nazionalak egindako eskaera onartzeko. Datozen hiru egunetan fiskalak helegiterik aurkezten ez badu, erabakia finkoa izango da eta, hortaz, Baltasar Garzon epaileak egindako eskaera bertan behera geratuko da.
Eguerdian, Baionako suprefeturaren aitzinean egindako elkarretaratzean, auzitegiaren deliberoa «baikorra baina, aldi berean, normala» izan dela adierazi zuen Xabi Larraldek. Bere burkide Martinek, Batasuneko militantea izateagatik, ez duela «Espainiako justiziaren aurrean deus egitekorik» gaineratu zuen.
Arautegia bera gogoratuta, «afera politikoetan» oinarritutako euroaginduak ezin direla onartu nabarmendu zuen. Alta, azken urteetan hamarka militante politiko Espainiaratuak izana salatu zuen Batasuneko bozeramaileak: «Beren jarduera politikoarengatik inor kartzelatzea ez da normala eta Auroren kasuan, horrela onartu du Paueko epaitegiak. Tamalez, horrelako kasuak izan dira eta, datozen asteetan ere izanen dira; hor dugu Udalbiltzaren auzia, non Xarlo Etxezaharreta hazpandarra ere auzipetuen artean den».
Euroagindu gehiagorik, ez
«Beren militantzia politikoarengatik, euskal herritarren kontrako euroagindu gehiagorik» onartua izan ez dadin, mobilizatzen jarraitzeko deia egin zuen mahaikideak.
Erakunde eta eragile politiko eta sozial ugarik Aurore Martin Madrilgo epaitegira ez entregatzeko eskatu diote epaitegiari. Hautetsi andanak ere bat egin du eskaerarekin, tartean, hiru eurodiputatuk, diputatu batek, bi kontseilari nagusik, 19 auzapezek eta 66 zinegotzik.
Bestalde, atzo, auzitegi berean, Olatz Izagirreren kontrako euroagindu eskaera ere aztertu zuten. Urnietarrari buruz, informazio gehigarria eskatua zuen epaitegiak, zehazki, zer gertakari leporatzen zaizkion, zein ardura lukeen eta non eta noiz gauzatutakoak liratekeen.
Grande Marlaska epaileak igorritako zehaztasunen arabera, Izagirrek «Nafarroan eta Euskadin, 2009an, Segiko bilera klandestinoetan» parte hartu zuen eta gazte-erakundean «zuzendaritza» ardurak izan zituen.
Izagirreren defentsak, informazio gehigarri horren «balio eza» nabarmendu eta euroagindua ez onartzea eskatu zuen.
Epaitegiak datorren asteartean jakinaraziko du bere erabakia. Bitartean, maiatzaren 6an Ziburun beste hiru gazterekin batera atxilotutako gazteak Seysseseko espetxean jarraituko du.
Maulen «sortua eta oso ezaguna» den Aurore Martinen aurkako prozeduragatik «kezka» azaldu du Michel Etchebestek. Auzapezaren ustetan, «ekintza zigorgarriak» leporatu ezean, haren «iritzi politikoengatik punitzea» litzateke euroaginduaren zioa.