GARA > Idatzia > Kultura

Eusko Ikaskuntza saria, Joxerramon Bengoetxea irakasle eta ikerlariari

Bere curriculumaren «distira» eta «euskal kultura eta instituzioekiko azaldutako konpromisoa» izan dira Eusko Ikaskuntzak Joxerramon Bengoetxeari Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria emateko nabarmendu dituen arrazoiak. Zuzenbidean doktoratua, EHUko irakaslea da egun, eta «europar erakundeetan egin duen lana eta, ondorioz, euskal gizartea gai eta erronka europarrez kontzientziatzeko eginiko ahalegin garrantzitsua» goraipatu dute.

p040_f01_148x124.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Poza, harridura, ohorea eta, batez ere, ardura. Horiexek izan ziren Joxerra Bengoetxearen sentipenak atzo sariaren berri izan zuenean. «Ardura, bai, izan ere, sari bat jasotzeak suposatzen du frogatu egin behar duzula merezi duzula nolabait, eta trukean ere, esker ona emateko, fruituen bitartez eskertu nahiko nuke», esan zuen.

Bengoetxea Irunen jaio zen 1963an, baina oiartzuartzat du bere burua. Zuzenbidean doktoratu zen Edinburgheko unibertsitatean eta 1998 eta 2001 artean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde (EA) izan zen Lakuako Gobernuan. Gaur egun, Zuzenbidearen Teoria, Soziologia eta Zuzenbidearen Filosofia eta Europar Zuzenbideko irakaslea da EHUn. Horrez gain, EHUko Zuzenbidearen Soziologiako Doktoretza programaren koordinatzailea eta hainbat ikastaro, diploma eta masterretako Europar Zuzenbide eta Europar Integrazioko irakaslea ere bada.

Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren kulturaren garapenean lagundu dutenen lana saritzen du 1995az geroztik eta, aurten, Bengoetxearen curriculum akademikoaren «distira» eta zuzenbidearen teorian eta filosofian, zein europar kontuetan eginiko ikerketak hartu dituzte batik bat aintzat. Berak ere, bi arlotan banatzen du egindako lana: «Gaiei dagokienez, esango nuke Europaren eta Euskal Herriaren uztarketa horretan, Europa arkitektura honetan estaturik gabeko nazio, eskualde hauentzako zer nolako lekua bilatzen dugun hartu dutela kontuan. Eta, bestetik, nire ustez, zuzenbidean eta bere irakaskuntzan euskaraz jardun izana eta arlo horretan hainbat ikerketa argitaratu izana. Zuzenbidearen filosofian, filosofia politikoan, justiziaren teorietan, arauen interpretazioaren inguruan... Kasu horietan, euskara izan da nire lanerako hizkuntza».

Epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren jarduera-eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako errektoreek osatu dute, baita Jose Maria Muñoa erakundeko presidenteak eta Juan Manuel Sinde Euskadiko Kutxako zuzendariak ere. 20.000 euro jasoko ditu Bengoetxeak, udazkenean Donostian egingo den ekitaldian.

Euskal Herria Europan

Bengoetxeak betidanik izan du Europarekiko interesa eta epaimahaikideek «europar erakundeetan egindako lana eta, ondorioz, euskal gizartea gai eta erronka europarrez kontzientziatzeko eginiko ahalegin garrantzitsua» nabarmendu dute.

Honela mintzatu da Bengoetxea gai horren inguruan: «Euskal Herriak Europan duen lekuan, neurri batean, aurrerapauso batzuk egin dira baina, oraindik ez daukagu herri bezala dagokigun lekua eta ordezkaritza. Egia esan, tresna batzuk jarri dira mahai gainean, batez ere Lisboako Itunaren ondoren, hori ezin da ukatu, baina uste dut gure ordezkaritza oraindik ez dela herri bezala dagokigun tamainakoa».

Bengoetxearen ustez, ez da lege aldetik aldaketa handirik behar, neurri handi batean, borondate kontua baino ez da. «Estatuak bere buruarekiko duen ikuskeran datza. Gobernu zentralean agortzen dela uste badu, horrek bakarrik ordezkatzen duela, ezin duzu aurrera egin. Aldiz, bere buruaren ikuskera osagai guztiek osatzen dutela baldin bada, eredu federaletan pasatzen den moduan, asko aldatzen da».

Europarekiko askok sentitzen duten «urruntasun» horri dagokionez, «lan handia dago oraindik egiteko. Hedabideen aldetik, adibidez, nola funtzionatzen duen azaltzea eta, europar erakundeen aldetik, prozedurak gardenago eta argiago egitea».

POLITIKA

«Asko interesatzen zait politika baina, uste dut, sari honek berresten duela egin behar dudan apustua ikerkuntzan dagoela. Lehentasun kontua da», esan zuen Bengoetxeak, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde izan zenak.

Curriculum gailenenak ohoratzea helburu

Eusko Ikaskuntza - Euskadiko Kutxa Saria 1995ean eratu zen Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien alorreko «curriculum gailenena ageri duten jardueran dauden pertsona ospetsuak urtero ohoratzearren». Sarituriko pertsonaren obra osoak Euskal Herriko kultura modu eraginkorrez lagundu behar izan du eta aukeratuek 20.000 euro jasoko dituzte.

Julio Caro Baroja izan zen honako saria jasotzen lehenengoa, 1995. urtean. Geroztik, eta ordena honetan, honakoak izan dira saria eskuratu dutenak: Alvaro d´Ors Perez Peix, Luis Villasante Kortabitarte, Jesus Altuan Etxabe eta Juan Plazaola Artola, Eduardo Chillida Juantegui, Miguel Artola Gallego, Juan Garmendia Larrañaga, Bernardo Atxaga, Gurutz Jauregi, Juan San Martin Ortiz de Zarate, Nestor Basterretxea, Maite Lafourcade, Gregorio Monreal Zia, Daniel Innerarity Grau eta, iazkoan, Javier Elzo. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo