Mikel Illarregi UEMAko lehendakari ohia
Iñaki Arregi, UEMA eta gehiago
Markinatik iritsi berria naiz eta Iñakiren alde eginiko ekitaldi xume, hunkigarri eta erakusgarri horretatik hainbat esaldi eta sentimendu nigan barneraturik, nik neronek ere zerbait bota nahi nuke.
Leitzako herriaren izenean 90eko hamarkadan Uemako kide izatea egokitu zitzaidanean, orduan ezagutu nuen hainbat hausnarketa, eztabaida, lan eta amets egitea eragin zidan pertsona. Behar denean esan ohi den bezala, maiuskulaz, letra larriz idatzi beharreko pertsona. Iñaki «Uema zen», ezin uka. Baina Iñaki indarra, konbentzimendua, sentimendua, goxotasuna, lankide nekaezina eta laguna zen. Hala gertatu zen nirekin behintzat.
Nik, beste askok bezala, euskaltasunaren harra nuen barneratuta. Beste askok bezala, hori guztia kanporatzeko beharra sentitzen nuen, «oztopo guztien gainetik» Euskal Herri euskalduna ikusi nahi nuelako. Baina berak erakutsi zidan, edo beregan ikusi eta berarengandik ikasi nuen egin beharrekoak egituratua behar zuela izan. Eztabaida luzeetan aritu ondoren, sekula ahaztu ez ditudan hitz eta kontzeptu asko jaso nituen. Hortxe zeuden: normalizazioa, hizkuntza gutxitua, gutxiengoa, helburuak eta prozesuak, euskararen lurraldea, esparru juridikoa, prentsaurrekoa, kultur-elejira... udalerri euskaldunak eta, finean, Euskal Herri euskalduna.
Jakin badakit ez dudala hitz hauekin deus ere asmatzen, hauek eta burura edota eskura ez datozkidan beste asko baitaude. Hala ere, nik ezagutu dudan neurrian, bere pertsona mailako balioa indartu nahi nuke. Gogoan ditut herri batera zein bestera egindako bidaiak, ondorengo bilerak, bitarteko hizketaldiak... Baina bestelako momentuak ere izan ziren, hala nola Artzain Onaren Katedralean eginiko gose greba, Ipar Euskal Herrian igarotako egunak, edo...
Uemaren betebeharretan ia ezinbestekoa bihurtu bazen ere, horrekin batera edozein gaietan zuen bere pentsatzeko, aztertzeko eta kritikatzeko abilezia, eta horrek nigan ere adiskidetasun lotura sorrarazi zuen, makina bat momentuz gozatuz.
Beno, askoz ere gehiago da idatz daitekeena, baina horrela utziko dut, aipamen pare bat eginez. Bata, Iñaki, zuk landutako bidean eman eta erakutsi diguzun indarrez jarraituko dugula ziurtatu nahi dut. Eta bestea, zuei, Elena, Txomin eta Graxi, ohikoa den esaera egokituz, ez dago «giza-mitorik» baldin eta inguruan behar bezalako laguntzarik ez badu. Besarkada goxo bat.