Nafarroan garestitu ziren gehien prezioak maiatzean, %0,6ko igoerarekin
Hego Euskal Herrian, batez beste, %0,275 egin zuen gora maiatzean KPI kontsumo prezioen indizeak. Nafarroan izan zen, ordea, igoerarik handiena, %0,6. Bizkaian eta Araban %0,2 egin zuten gora prezioek, eta %0,1 Gipuzkoan. Urte betean, %1,65 hazi da KPI.
GARA |
Joan den maiatzean %0,275 egin zuten gora batez beste prezioek Hego Euskal Herrian. Nafarroan izan zuten igoera handiena, %0,6 hain zuzen ere. Bizkaian eta Araban, berriz, %0,2 garestitu ziren kontsumo prezioen indizeak (KPI) neurtzen dituen produktuak eta Gipuzkoan, %0,1.
Era berean, 2010. urtea hasi denetik, KPIk %0,7 egin du gora Nafarroan eta Gipuzkoan, %6 Araban eta %5 Bizkaian, atzo Estatu espainiarreko Estatistika Institutuak eskaini zituen datuen arabera. Urteko eboluzioaren arabera, berriz, azken hamabi hilabeteetako bilakaera aintzat hartuta, beraz, prezioak %1,65 garestitu dira Hego Euskal Herrian, zehazki, %1,7 Bizkaian eta Nafarroan eta %1,6 Araba eta Gipuzkoan.
Maiatzean KPIk igoera izandako arloei so eginda, arropa eta oinetakoak izan ziren gehien garestitu zirenak aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Hain zuzen, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, %1,3ko igoera izan zuten, eta %4,2koa Nafarroan. Etxeko tresneriaren, garraioaren eta etxebizitzaren prezioak ere hazi egin ziren. Beste arlo batzuetan, ostera, prezioek ez zuten inolako aldaketarik izan Hego Euskal Herrian, hala nola elikagai eta alkoholik gabeko edarietan, irakaskuntzan, garraioetan eta hoteletan eta ostalaritzan. Edari alkoholdunak eta tabakoa %0,1 garestitu ziren Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, eta Nafarroan ez zen aldaketarik izan. Azkenik, aisialdia eta kultura arloa, baita medikuntzarena ere merkatu egin zen.
Bestalde, hamabi hilabetetan alkoholdun edariak eta tabakoa %12 inguru garestitu dira. Etxebizitza, %3,1, Bizkaia Gipuzkoa eta Araban, eta, %4,9, Nafarroan. Garraioaren prezioak, berriz, %7 egin du gora batez beste.
Maiatzean Hego Euskal Herrian gehien garestitu ziren produktuak arropa eta oinetakoak izan ziren, %1,3 Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban eta %4,2 Nafarroan. Etxeko tresneriaren, garraioaren eta etxebizitzaren prezioak ere hazi egin ziren.