GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskla Herria jaietan

Parte hartzea sustatzea izango dute helburu Igorreko San Antonio jaiek

Datorren ekainaren 20ra arte San Antonio jaiak izango dituzte Igorren. Aurtengo edizioak aurrekontu murritzagoa izan du, baina horri aurre egiteko koadrilek eta herriko taldeek antolatutako ekitaldiak izango dira, herritarren parte hartzea sustatzeko helburuz. Horren adierazgarri, festari hasiera eman zion txupinazoa botatzea azken urteetan Jai Batzordeko kide izan direnei egokitu zitzaien, egindako lanaren omenaldi gisa.

p022_f02_148x096.jpg

Manex ALTUNA |

Nork bere etxetik eramandako jakiekin bazkari herrikoia eginda hasi ziren atzo festarako berotzen Igorren. Geroago heldu zen jaien hasiera ofiziala txupinazoa bota eta txosna gunea ireki zutenean. Koadriletako bi kidek izan zuten ardura hori, urte mordoan Jai Batzordean egindako lanaren omenaldi gisa. Kanika koadrilako Iñaki Fernandez eta Eztait taldeko Amaia Urkiaga izan ziren bi kide horiek.

Aurtengo San Antonio jaien helburu nagusia herritarren parte hartzea sustatzea izango da Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez. Izan ere, Igorreko jaien ikur nagusia hori dela nabarmendu dute, herriko taldeek parte hartzen baitute egitarauaren prestaketan.

Igorreko Jai Batzordea norbanako, koadrila eta herriko kirol eta kultur taldeek osatzen dute. Udala beste kide bat baino ez da eta ezaugarri horrek guztien parte hartzea bultzatzen duela nabarmendu dute. Are gehiago, aurtengo jaietako aurrekontuan murrizketak izan ostean. 48.000 euro izan dituzte hamar egunetarako egitaraua antolatzeko, aurreko urteetan baino 10.000 euro gutxiago.

Arazo ekonomiko horri aurre egiteko, herriko taldeak ekimenak antolatzen aritu dira. Horrela, txirrindularitza elkarteak lasterketa egingo du igandean eta errugbi taldeak, txapelketa, gaur arratsaldean.

Jai Batzordeak nabarmendu duenez, koadrilak dira Igorreko jaien bereizgarri. 15 gazte koadrila izango dira aurtengoan eta, aipatu zutenez, zortzi txosna jarriko dituzte urteroko kokaleku duten aparkalekuan.

Euskara eta bertako taldeak

Musika taldeei dagokienez ere, Arratia inguruetako taldeen aldeko apustua egin dute aurten. Zailtasun ekonomikoak direla-eta, izen edo ospe handiko taldeak ez kontratatzea erabaki dute eta Igorreko taldeen alde egin dute.

Gaur gauean, esaterako, Subersion X eta Okerrak taldeak arituko dira taula gainean 23.00etatik aurrera, eta horien ondotik Amaiur taldeak erromeria eskainiko du.

Horrez gain, paella txapelketa eta koadrila eta gazteen arteko olinpiadak egingo dituzte. 19.00etan Sambaskao fanfarrearekin kalejira izango da eta Lasarte aretoan areto-dantzen txapelketa, 20.00etatik aurrera. Bihar, berriz, Arantzarte dantza taldearen ikuskizuna eta film laburren emanaldia izango dira ekimen nagusiak.

Bestalde, Jai Batzordeko partaideek azaldu zutenez, 2010eko sanantonioetan «Suztertzu» izeneko pertsonaia ibiliko da herrian zehar. Udalak abiatutako euskararen normalizazio plana bultzatzea du helburu eta astelehenean ospatuko den Haurren Egunean eta osteguneko afari herrikoian ere izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo