Patronala pozik uzteko lan erreforma
Gobernu espainiarrak prest daukan lan erreformaren testua ezagutu baino lehen ere, haren nondik norakoak suma zitezkeen. Aurreko erreformen norabide berean, langileak aterako dira galtzaile eta enpresaburuak, berriz, onuradun. Batek baino gehiagok aipatu izan du lan erreforma batek langileen baldintzak hobetzeko balio beharko lukeela, eta gehitu liteke orain sekula baino arrazoi gehiagorekin izan beharko lukeela horrela, azken hamarkadetan langileen eskubideek atzerakada ikaragarria jasan dute eta. Baina zoritxarrez, espero bezala, atzo jakinarazitako lan erreformaren edukietan langileen eskubide murritzek jaso duten hamaikagarren murrizketa nabarmentzen da. Enpresaburuen interesak, berriz, babestuago agertzen dira. Izan ere, esate baterako, langileak kaleratzea erraztu eta kontratazioei hobari gehiago ematen dizkie erreformak. Berriro ere, kasurik onenean zein txarrenean, langilea galtzaile. Berriro ere hori da krisi egoerei «denon artean» aurre egiteko modu bitxia.
Gobernu espainiarrak esana zuen lan erreformarako akordiorik ez izatea patronalaren errua zela. «Gaitz erdi», pentsatuko du edozein langilek, erreforma horrek patronalaren proposamenak jasotzen dituela ikusita eta beraiek inongo errurik izan gabe eskubide gutxiagoren jabe geldituta. Patronala pozik uzteko moduko lan erreforma, eta langileek borroka egiteko modukoa.