GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

C Multzoa

Proba gogorra, Ingalaterra hautagaitzarentzat

GARA | DONOSTIA

Fabio Capello italiarra iristearekin batera, beti falta izan zaion irabazle sen hori berreskuratu nahi izan du Ingalaterrak, eta entrenatzaile berriak taldeari emandako eraginkortasuna dela-eta, Hegoafrikako Munduko Kopa irabazteko hautagaien artean sartu dituzte askok futbolaren sorlekua. Hautagaitza hori kolokan jar dezake, ordea, lehen egunetik, Ameriketako Estatu Batuetako selekzio arriskutsuak.

Bob Bradleyren taldea ez da futbol-zelaian erraz beldurtzen den horietakoa, eta urtebete eskas dela, hala erakutsi zuen Hegoafrikan bertan jokatu zen Konfederazio Kopan. Bertan, Espainia ahalguztidunari 2-0 irabaztea lortu zuten amerikarrek eta, finalean, Brasili lan handiak eman zizkioten 3-2 galduta.

Hautatzaile gisa Munduko Kopan debuta egingo duen Fabio Capellok dagoeneko bere estiloa ezarri du historikoki erasora jokatzeko joera izan duen Ingalaterran. Defentsan ikaragarri indartuta, jokatutako azken 24 partidetatik hemezortzi irabazi dituzte eta azken hamarretan porrot bakarra izan dute: Ukrainaren aurka, 1-0 galduta.

Historiari begiratuta gainera, estatubatuarrak -euren jokalarietatik 17 kanpoko ligetan ari dira jokatzen eta horietatik zortzi Premierren- orain 60 urte Brasilen lortutako garaipena errepikatzeko gai ikusten dute euren burua. Munduko Kopa batean ingelesek eta estatubatuarrek elkarren aurka jokatu duten partida bakarrean azken horiek 1-0 nagusitu ziren.

Sekula jokatu gabea

Bigarren jardunaldia eguerdian irekiko dute Hego Koreak eta Greziak, sekula jokatu ez den partida batekin. Argentina eta Nigeriaren baimenarekin, hurrengo faserako sailkatzeko aukera asko emango lizkioke edozeini gaur garaipena lortzeak.

Greziarrentzat historian lortutako lehen garaipena izan liteke gaur lortutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo