Harri-jasotzea Gipuzkoako finala
Irigoienek txapelak pilatzen jarraitzeko aukera dauka
Izeta III.a, Izeta IV.a eta Telleria II.a ere arituko dira bihar arratsaldean, Errezilen jokatuko den saioan.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoien izango da bihar 18.00etatik aurrera Errezilen jokatuko den Gipuzkoako Harri-jasotze Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Errezildarra bere herritarren aurrean arituko da, eta zaila izango da berari inork txapela kentzea.
Joseba Ostolatza izan du azken lehiaketetan arazorik gehien eman dizkion harri-jasotzailea, baina zestoarra min hartuta dago, eta ez du bihar Errezilen lanean aritzeko modurik izango. Horrek are samurrago uzten dio bidea egungo txapeldunari.
Irigoienekin batera Izeta III.a, Izeta IV.a eta Telleria II.a lehiatuko dira. Ez du ematen gauzak normal joanda lehen posturako lehia handirik izango denik, baina bigarren posturako borroka handi samarra iragartzen da izetatarren artean. Izeta III.a bikain dabil, eta azken urte hauetan Irigoienen eta Ostolatzaren atzetik bera ibili izan da, baina Izeta gazteak ere gora egin du, eta saiatuko da bihar bere osabari aurrea hartzen.
Lehian izango den bestea Telleria II.a da. Bera da agian aukerarik gutxien duen harri-jasotzailea, baina berak ere erakutsi du sasoi bikainean dagoela, eta ahaleginduko da ezustekoren bat ematen.
Kirolari bakoitzak 150 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabiliko ditu. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko kirolari bakoitzak hiru minutuko txandak egin beharko ditu. Guztira kilorik gehien jasotzen duen kirolariak jantziko du txapela.
Orga-jokoa
Bihar arratsaldean Errezilera joatea erabakitzen dutenek ez dute harri-jasotzea bakarrik izango ikusgai, Gipuzkoako orga-jokoko finala ere jokatuko baita bertan, hurbiltzen diren guztien gozagarri.
Final honetan honako hiru kirolariak lehiatuko dira: Uranga, Urresti eta Zubiaurre. Kirolari bakoitzak 168 kiloko orga ibili beharko du, eta besoan pisu hori hartu, eta ahalik eta itzulirik gehien egitea izango da lanean arituko diren kirolarien helburua, gehien egiten dituenak jantziko baitu Gipuzkoako txapela. Bai harri-jasotzeko bai orga-jokoko finalak Errezilgo eskoletako jolastokian jokatuko dira, baina eguraldi txarra eginez gero, pilotalekuan egingo dituzte. Bata bestearen ondoan dago, eta bertaratzen diren guztiek erraz aurkitu ahal izango dute bai leku bat bai bestea.
Erandion, Goierri auzoan, hiru uztarri neurtuko dira bihar arratsaldean, 18.00etatik aurrera. Bertan, Basañez Gondra, Uharte Gondra eta Elorduiren uztarriak izango dira, pisu neurtuko lehia honetan. Bestetik, amaitu berri dira Mañun jokatu diren pisu neurtuko idi-probak, eta amaieran Laskiren uztarriak eraman ditu mantak 55 untze eta erdi eta metro bat egin ostean. Bigarren postuan sailkatu zen Motxoren uztarria, eta hauek 52 plaza egin zituzten. Beraz, nahiko erraz lortu zuten garaipena Laskiren idiek.