GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Promozio Txapelketako finala

Beste «igoera» Tolosako Beotibarren jokatuko dute Aritz Lasak eta Beroizek

Iazko txapela defendatuko du nafarrak faborito argirik gabeko lehian.

Jon ORMAZABAL

Gipuzkoa osoa Reala Lehen Mailara igotzeko aukerarekin zoratzear dagoen honetan, enpresek kontrakorik ez dioten bitartean, datorren urtean «Primerako» buruz burukoan egoteko finala jokatuko dute gaur arratsaldean Mikel Beroiz egungo txapeldunak eta Aritz Lasak Gipuzkoako hiriburu izandako Tolosan.

Sekulako mailarik handieneko txapelketa gisa aurkeztu zuten Promozio Txapelketa -nahiz eta bidean Arretxe II.a eta Retegi Bi galdu dituen- heldu da azken geltokira eta Mikel Beroizek iazko txapela ez ziola zorteak eman erakutsi nahiko du, bide batez, aurten lapurtu dioten aukera, hots, handienen artean jokatzeko aukera berreskuratzeko.

Gutxi izan dira Bigarren Mailako txapela defendatu beharra izan dutenak, eta, gaur irabaziko balu, Oskar Lasaren marka berdinduko luke. Etxarriko atzelariak 1995 eta 1996ko finalak irabazi zituen, biak ere Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Urrutikoetxearen aurka majo sufritu ostean, uhartearrak argi utzi du ez duela pilota bakar bat oparitzen eta faborito irtengo da, batez ere iazko txapelagatik.

Berrespenaren bila

Aritz Lasa urretxuarra izango du parean, eta honek ere ondo erakutsi du badakiela partidetan azken uneraino eusten eta ezinezko bi partidari buelta eman zien, Merinoren eta Lemunoren aurkakoetan.

Koadroaren azpi-azpitik etorrita, Lasa sekulako joko boladan helduko da finalera eta bere maila berretsi nahi du profesionaletan aurrenekoz txapela lortuta.

Gonzalez

Lapurtarra atzo itzuli zen kantxara Buruz Buruko Txapelketan izandako lesioaren ostean. Laskurain lagun zuela, 22-17 galdu zuen Logroñon Titinen eta Pascualen aurka.

erremontea

Matxin IV.a eta Zubizarreta nagusitu dira Azpeitia Hiria Txapelketan, atzoko finalean Etxabe II.ari eta Aizpurua II.ari 40-33 irabazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo