GARA > Idatzia > Kultura

«Joan Festara!», Hernaniko jaietako «momentikoak» iruditan

Festak igaro ostean, jaietan ateratako argazkiak ikusten aritzea, nolabait, atzean utzitako oroitzapen gogoangarri asko berreskuratzea da, une ahaztezin asko betiko gordetzeko erarik aproposena, askotan. Ikor Kotxek 2009ko Hernaniko San Joan jaietan ateratako argazki bilduma plazaratu du «Joan Festara!» liburuan; hernaniarren irudiez osatua eta hernaniarrentzat egina.
p050_f01_76x132.jpg

Ariane KAMIO | HERNANI

Herriko festak urte osoan itxaronaldi luze eta amaigabe baten ondoren iristen dira. Askorentzat aseezinezko jai giroaren egarria itotzeko beharrezkoak dira; beste batzuentzat, aitzakiaz beteriko egunak dira, kapritxoak erraz lortzeko aukera aproposa; eta besteek, jaiak pasatzen ikustea nahikoa dute, urteko egutegian bereziki azpimarratu gabe. Guztiek badute, ordea, zerbait komunean. Herri berekoak izanda, eta nahita edo nahi gabe, festak badu nolabaiteko eraginik haiengan, zuzenean ala zeharka, baina beti dago zer ikusirik, zertaz gozaturik, zer esanik. Eta, are gehiago, «estres» egun horien ondoren ustekabeko uneetan ateratako argazkiak agertzen hasten direnean. Gau batez parrandan hartutakoak, hurrengo eguneko biharamuna gainetik kendu ezin denekoak edo kalejiran zehar ustekabeak «klisk» eginda lortutakoak.

Horiek eta gehiago bildu ditu Jon Urbe argazkilariak, Ikor Kotx goitizenpean ezkutatuta, «Joan Festara! Hernani, 2009» liburuan, «klisk» eta «klisk» eginez batera eta bestera ibilita eskuratutako materialari esker osatutakoa. 350 irudi inguru baliatu ditu argazkilari errenteriarrak iazko San Joan festetan jazotakoa biltzeko. Hamaika ikuspegi, hamaika gertakari eta hamaika bizipen jaso ditu Hernaniko Udalaren laguntzarekin plazaratutako alean.

«Beti esan izan ohi da San Joanak oso potenteak direla eta liburu bat idazteko adina kontakizunen emari dela», esan zuen Urbek. Eta halaxe egin zuen, «erronka» modura hartutako lana paperera eraman du, nahiz eta kanpoan material ugari utzi behar izan duen. «Hala ere, ahalik eta osatuena izan zedin saiatu naiz».

Gaua, goiza, arratsaldea, eguerdia... Egunaren 24 orduetan zehar ateratako argazkiak dira, jaien aurpegi guztiak erakusten dituena. «Kanpotar ugari etortzen da Hernanira San Joan jaietan, eta askok uste dute gaueko giroa besterik ez dagoela eta, gauez badago jairik baina, egunez ezer egongo ez balitz, gauak ere ez luke ezer izango», esan zuen Argazki Presseko argazkilari denak. Azken batean, «hernaniarrentzat egindako liburua» dela aitortu zuen. «Jende gehienak ditu bere etxean jaietako argazkiak eta, honakoa, hernaniar guztientzako bilduma bat da, senitartekoen album baten tankerakoa».

«Momentikoak»

Sanjoanetan, bai Hernanin eta baita inguruko beste zenbait herritan ere, momenturik gogoangarrienak Azeri Dantzarekin batera suertatu ohi dira. Usadioei eusten dien dantza ikusgarria, herria aztoratzen duen horietakoa. «Kanpoko jendea gehien erakartzen duen ospakizuna da ziur asko», aipatu zuen. Gauza bera gertatzen da San Joan suaren inguruan egiten den akelarrearekin, sorginen bilkura mistikoari erreferentzia egiten diona. Jon Urbek gustuko ditu bi ekimenak, «plastikoki oso egokiak» baitira irudiak hartzeko.

Nolanahi ere, momentuak eta momentuak daude egitarau oparoan zehar. «Nafarrek esaten duten bezala, jai bakoitzak bere `momentikoak' izaten ditu, eta Hernanik ere baditu bereak», kalean, tabernan, txosnan, parkean, zahar ala gazte, herriko bazter batean loratzen direnak.

«Joan Festara! Hernani, 2009» Hernaniko Udalarekin elkarlanean plazaratutako alea da eta, bereziki herritarrentzat egina denez, ahalik eta preziorik «popularrena» ezarri diote. «Udaletxeari esker, 12 euroko salneurria jartzea lortu dugu». Mila ale baino gehiago kaleratu dira eta atzotik salgai daude herriko taberna, okindegi eta liburu dendetan.

Idurre Lucas Hernaniko Udaleko Kultura zinegotziarekin batera aurkeztu zuen atzo Ikor Kotxek 160 orrialdetan 350 argazki inguru biltzen dituen liburua. Lucasen aburuz, egileak esan bezala, «San Joan jaietan izaten diren ekintza guztietan ateratako argazkiak biltzen dira, egun osoan zehar aurreikusitako egitaraua erakusten dutenak». «Ez dago protagonista bakar bat liburuan -jarraitu zuen-, protagonista asko ditu eta, guztiak bilduta, nagusia Hernaniko herria bera dela esan daiteke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo