GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

ACB Ligako finala

Aurreneko partida irabazten duenak liga eraman ohi du

Zortzi aldiz irabazi du kanpoko taldeak finaleko aurreneko dema; horietatik zazpitan titulua eskuratu du. Salbuespena, 1994/95 denboraldian, Bartzelona.

p043_f01.jpg

Arnaitz GORRITI

Estatistikak, bitxikeriak, datuak, datuak eta datu gehiago; dena, egitate hotzen jantziaz mozorroturiko sorginkeria trazako konjuruak neurri handi batean. Osteguneko partidan Caja Laboral Baskoniak egindako balentriak ez dio eman oraindik faborito izaerarik; izan ere, Bartzelonak, ostegunekoa barne, sei partida galdu ditu denboraldi osoan, eta jokaturiko lehia denetan inposatu da. Alabaina, ACB Ligako finalen historiak gasteiztarren alde hitz egiten du: bi alditan izan ezik, aurreneko partidan garaile izandakoak eraman du titulua.

Eskuarki, etxekoek irabazi izan dute finaleko lehenengo partida, baina -ostegunekoaz gain- zortzitan bisitariak izan dira garaile -aurreko bi urteetan ere bai- eta zazpitan sorpresa eman dutenak atera dira garaile. Tartean dira Baskoniak irabazi dituen biak -Malagan eta Bartzelonan garaile atera ostean-, arabarrek TDK Manresaren aurka galdu zutena -baskonisten historiako ligako aurreneko finala-, Herrerosen hiruko malapartatu harekin amaitu zen hura, eta baita iazkoa -Basilek sartutako hiruko haren bidez erabaki zena- ere.

Aldiz, etxekoek behin bakarrik lortu dute ligako titulua: Bartzelonak Malagako Unicajari 1994/95 denboraldian irabazi zion hura. Andaluziarrek aurreneko partida eta hirugarrena eraman zituzten, baita laugarrenean liga eskuratzeko abagune ezinhobea ukan ere, baina Michael Ansley-ren azken hirukoa ez zen sartu eta, hala, Aito garcia Renesesek zuzenduriko Bartzelona hark kanporaketa berdindu eta Palau Blaugranan eman zion errematea.

Fedea eta berdin jarraitzea

Finaleko aurreneko partida jokatu aurreko egunean Dusko Ivanovic eta bere jokalariek Caja Laboral Baskoniak Palau Blaugranan irabaz zezakeela «sinisten» zutela adierazi zuten behin eta berriz. Baita azkenean halaxe egin ere. Marcelinho Huertas antolatzaile brasildarrak partidaren ostean taldeak bere buruagan izandako «konfiantza eta fedea» nabarmendu zituen.

«Ez gara Bartzelonara oporretan etorri. Irabaz genezakeela sinetsita etorri gara hona, finalera lana beltz egin eta asko sufrituta, merezita, iritsi garelako. Bartzelonak faborito izaten jarraitzen du, ez du alferrik jokatu duen dena irabazi, baina guk lanak eman geniezazkiokeela bagenekien, baita noiznahi egurra eman diezagukela ere, baina gu hona irabaztera etorri gara».

Ostegunean Caja Laboral Baskoniak sekulako lana burutu zuen defentsan. Bartzelonak ez zuen jaurtiketa erosorik aurkitu eta, hala, 10 puntu baino ezin izan zituen sartu azken laurdenean, orotara 58 puntu lortzeko; hau da, denboraldiko kopururik txikiena. Badu meriturik, talde kataluniarrak batez beste 80,4 puntu sartzen dituela ikusita.

Sao Pauloko jokalariaren aburuz, gaur arratsaldeko partidan osteguneko jarrerari eutsi behar diote, aurkariak gogotsu arituko direla jakin arren. «Bigarren dema lehenengoa baino zailagoa izango dela uste dut. Normala den moduan, amorruz aterako da Bartzelona, baina guk berdin jarraitu behar dugu, eta lehen baino are konfiantza handiagoz jokatu beharra daukagu».

«Beraz, deseroso sentiarazi behar ditugu. Navarro edo Mickeal bezalako jokalariek ez dute asko behar beren kalitatea inposatzeko. Bada, une oro gainean gaudela ikusi behar dute. Asko erraztuko lizkiguke gauzak bigarren partida ere irabaziko bagenu, izan ere, etxean eroso eta indartsu sentitzen gara, eta nahiz eta Bartzelonak liga erregularrean Gasteizen ere irabazi zigun. Oso zaila litzateke bosgarren partida bat hemen bertan irabaztea», gaineratu zuen Marcelinho Huertasek.

 
bartzelona-baskonia
Dusko Ivanovicen 50. garaipena, play offetan

Ostegunean erdietsitako garaipena play offetan Dusko Ivanovicek lortu duen berrogeita hamargarrena izan zen, liga titulua eskuratzeko borrokan 83 partida jokatu eta gero. Horietatik 40 Saski Baskoniako entrenatzaile gisa lortu ditu, eta Bartzelonako teknikari zela beste hamar.

Andy Pankok beste urte batez jokatuko du GBCn

Andy Panko estatubatuarrak beste urte bat emango du Donostian. Harrisburgeko hegalekoa akordio batera iritsi da Gipuzkoa Basketekin eta, aurrez esana zuen bezala, Donostian jarraitzeko nahia bete egingo du. ACB Ligako jokalari onentsuenetakoa izan da aurten Panko.

250 partida

2004ko otsailaren 8an debuta egin zuenetik, Tiago Splitterrek 249 partida jokatu ditu, beti Gasteizen. Sei urte hauetan 11,5 puntu eta 5,3 errebote lortu ditu batez beste. LEB Ligan bi urte egin zituen aurretik, Bilbao Basketen.

Punturik ez

Caja Laboral Baskoniaren defentsa traba handia izan zuen Bartzelonak eta denboraldi honetan sekula baino puntu gutxiago sartu zituen: 58 baino ez -10 azken laurdenean- batez beste 80,4 sartu ohi dituenean.

Celtics-en ordezko jokalariek bina berdindu dute NBAko finala

Boston Celtics-ek NBA-ko finala bina berdintzea erdietsi du, 96-89 gailendu ostean Los Angeles Lakers-en aurka. Ekialdeko txapeldunak ordezko jokalarien lan aparta baliatu zuen partida irabazteko.

Talde berdeko sei jokalarik 10 puntu edo gehiago sartu zituzten. Hala, balio handikoak izan ziren Robinson eta Glen Davis-en artean sarturiko 30 puntuak. Los Angelesen, berriz, Bryant -33 puntu eta 6 errebote- eta Gasol laguntzarik gabe aritu ziren eta luze egin zitzaien azken laurdena.

Bosgarren dema bihartik etzira bitartean jokatuko da, Bostonen.

A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo