Estatu espainiarrean jabetza intelektuala errespetatzera deitu du CISAC-ek
GARA | BILBO
Autore eta Musikagileen Elkarteen Nazioarteko Konfederazioa da CISAC, egunotan Bilbon bilduta izan dena, SGAEk kudeatzen duen Campos Eliseos antzokian, Jabetza Intelektuala hizpide.
Atzo ondorioak plazaratu zituzten, bizimodua nola edo hala ateratzeko disko piratak kalean saltzera derrigortuta dauden afrikarrak antzoki atarian protestaka zirela.
CISAC-ek, Estatu espainiarreko kudeaketa-erakundeek, batez ere SGAEk, ezjakintasunagatik jasaten duten «kritika funtsik gabeak» tamaltzen ditu, eta ebazpen bat onartu du, Estatu espainiarrean ematen den jabetza intelektualak jasan duen balio galeraz ohartarazten duena.
Ehun eta hemezortzi herrialdetako 225 kudeaketa erakundetako hiru milioi sortzaile eta argitaratzaile ingururen ordezkariek aho batez onetsi duten agirian CISAC oso kezkatuta ageri da, «lan intelektualari eta sortzaileak bere ahaleginaren ordainetan jaso behar duen bidezko ordainsaria jasotzeko eskubideari aipua kentzeko kanpainagatik».
Guztira, bost kontinenteetako 200 ordezkari inguruk hartu du parte topaketetan.