Euskal emakume musikagileak ahanzturan gal ez daitezen, kontzertua egingo dute Bilbon
XIX. eta XX. mendeetako emakumeen konposizioak bilduko ditu datorren ekainaren 25ean, Campos Eliseos antzokian, Maite Idiren, Naroa Intxausti eta Marife Nogalesek BOSekin batera egingo duten kontzertuak.
Ane ARRUTI | BILBO
Historia liburuetan presentzia handirik izan ez badute ere, izan baziren emakume musikagileak, baita Euskal Herrian ere. Haiek egindako lanari nolabaiteko aitorpena eman nahi zaio orain eta, horretarako, «Euskal emakume musikagileak» deituriko kontzertua ospatuko da datorren ekainaren 25ean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Ekimena Maite Idirin soprano bizkaitarraren ikerketa batetik sortu da. «Aita Donostiaren liburu batean deskubritu nituen `lagun' hauek -esan zuen atzo Bilbon-, bera izango da bakarrenetakoa emakumeez hitz egin eta beti ondo egin izan duena».
IX. mendean aurkitu zituen lehenengo datuak, baita XV.ean eta XVII.ean ere. Baina kontzertu honetarako, XIX. eta XX. mendeetako musikagileen lanak hautatu dituzte. Iker Sanchezek zuzendutako Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera taularatuko dira Idirin bera -bere konposizioak ere entzungo dira-, Naroa Intxausti sopranoa eta Marife Nogales mezzosopranoa.
Julie Adrienne Karrikaburu (1827-1898) zuberotar kantari eta piano-jotzailea izango da omendutako emakumeetako bat. Nobleziaren saloietako kontzertuetan kantatzen zuen. Bere aitari zuberotarren kantuak biltzea bururatu zitzaion partiturarik ez zen garaian. Pianoan deszifratuz entzundako kantuak koadernoan idazten omen zituen eta 1869an argitaratu zuen liburuak hamar kantu eta bi pieza instrumental bildu zituen.
Emma Chacon (1886-1972) Bartzelonan jaio baina Bilbon bizi izan zen luzaroan, bertan zendu arte. Hogei urterekin eman zituen lehen kontzertuak eta 1947an, lehen aldiz, kontzertu monografiko bat egin zen bere obrekin, piano-jotzaile aritu zen bera. 65 obra utzi zituen orotara.
Nafarroako Jaitz herrian jaio zen Emiliana Zubeldia (1888-1987). Errusiar balletekin pianojotzaile aritu zen eta bere lehen konposizioak Max Eschig Parisko argitaletxeak eman zituen argitara. Amerikara salto egin eta hegoaldean zein iparraldean kontzertuak eskaini zituen. Nicanor Zabaleta eta Andres Segoviarentzat konposatu zuen. «Bere bizitzak pelikula bat dirudi», esan zuen Idirinek. 150 konposiziotik gora utzi zituen.
XX. mendeko ordezkari gisa, Maria Luisa Ozaita, Zuriñe Guerenabarrena eta Idoia Azurmendiren obrak joko dituzte.
Ordu eta erdi inguruko kontzertua grabatu egingo da eta 2.000 disko kaleratuko dira.