GARA > Idatzia > Kultura

Maitaldia Biarrizko dantza jaialdiak hogei urte beteko ditu irailaren 10tik 19ra

A.B. | BIARRITZ

Hogei urte beteko ditu aurten Maitaldia Biarrizko dantza jaialdiak. Urteurrena behar bezala ospatzeko, irailaren 10a eta 19a bitartean, hogeita hamar bat konpainiaren lanak ezagutzeko aukera emanen du Biarritz Kultura elkarte antolatzaileak. Konpainia bakoitza ehun bat dantzariz osatua dagoela-eta, hamar egun horiek «sakonak» izanen direla gogorarazi zuten antolatzaileek. «Hogei urte, gaztetasun edo heldutasunaren adierazle izan daitezke, baina, bereziki balantzea egiteko unean izaten da», goraipatu zuen Jakes Abeberri elkarteko lehendakariak. Hogei urte horiek momentu azkarren bidez ospatuko ditu Maitaldiak. Horrela, irailaren 17an, Biarritzen lehenengo urratsak egin zituela hogei urte beteko direlarik, Victor Ullate koreografoa berriz ere Gare du Midi aretoan agertuko da Samsara konpainiarekin.

Jaialdiak irailaren 10an irekiko ditu ateak, Ballet de Lorraine konpainiako hogeita hamar dantzarik portu zaharrean ikusgarria eskainiz. Thierry Malandain eta Ballet Biarritz ere bertan izango dira «Romeo eta Julieta» obrarekin. Koreografoa aurkezpenean zegoela-eta, Biarrizko jaialdira hurbiltzen diren ikusleen heldutasuna goraipatu zuen. «Ez dugu nahitara dantzaren izen handirik ekarri jaialdira. Gaur egun dantzaren izen handiak ez du deus erran nahi. Ikusleak heldutasun batera iritsi dira. Badakite gure helburu nagusia kalitatea azaltzea dela», erran zuen.

Nacera Beaz, Lionel Loche, KD Danse eta Intruza Danza konpainiak ikusi ahal izanen dira, besteak beste, Maitaldian. Sarrerak jadanik salgai zirela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo