GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Basterra Santutxu (Bilbo)

ARABA EUSKARAZ...

Badira urteak Herri Urrats, Ibilaldia, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Araba Euskaraz lan handia egin ondorengo emaitzak izan direla, eta jarraitzen dutela izaten. Sortu zirenetik gaurdaino milaka eta milaka emakume, gizon, heldu zein gazte aritu izan dira, eta belaunaldi berriek jarraipena eman diote Ikastolek antolatutako jaialdi hauei, horrela euskarari arnasa eta bultzada emanez. Nekeak eta izerdiak bota ditugu, eta botatzen ari dira, oztopo asko gainditu, baina arazoak hor dirau, Ipar Euskal Herriko ikastolek oso egoera larrian, Nafarroa Garaian ere bai, eta zer esan euskararen egoerari buruz oro har.

Azkenaldian beherakada nabarmena ikusi izan dut, batez ere azken Herri Urratsen eta aurreko urtean Araba Euskaraz egunean, ez dakit erosotasuna den edo beste arazoren bat egongo ote den, nik behintzat bizi naizen auzoan erosotasuna aipatuko nuke, eta ekitaldi hauek bigarren lerrora pasatu ditugula.

Euskara aurrera atera nahi badugu, beharrezkoak ditugu horrelako ekitaldiak, beharrezkoagoak ahulagoak diren herri edo herrialdeetan. Egia da egunero jardun behar dugula euskarari arnasa eta dugun guztia ematen, baina ekitaldi horiek arnasa handia ematen diote, zer esanik ez horrelako herrietan.

Araba Euskaraz Agurain herrian ospatuko da. Arabako lautadan dago, Gasteiztik 30 kilometrora, herri interesgarria eta ingurumen zoragarria. Ziur naiz bertako boluntarioak izugarrizko lana egiten ari direla ekitaldia ondo antolatzeko eta hara joango garenok eguna ondo eta alai pasatzeko. Nik behintzat ez diet huts egingo, eta zuk... bota erosotasuna pikutara eta elkartu gaitezen Agurainen ekainaren 20an. Laguntza eman eta ondo pasa.

Euskarak behar gaitu. Herri Urrats, Ibilaldia, Kilometroak eta Araba Euskaraz egunetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo