GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Larrialdietako erizaintza

Jende-oldea simulatu zuten erizainek larrialdi ikastaroari amaiera emateko

Illunbe zezen-plazako sotoak sua hartu zuenean larrialdietako zerbitzuei deitzeko ordua iritsi zen. Une horretan, plaza barruan jende-olde bat gertatu zen. Zaurituak zeuden nonahi, garrasika batzuk, konortea galduta beste batzuk. Zorionez, simulazio bat besterik ez zen izan.

p017_f02_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Donostiako zezen-plazan Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak prestatu zuena edozein kontzertu edo kirol ekitaldi jendetsutan gerta daitekeen zerbait da. Angel Luis Moreno irakasleak azaldu zuenez, Heyselen 1985ean gertatutako ezbeharraz geroztik halako simulazioak egiten dituzte larrialdietako zerbitzuek. Atzokoa Larrialdietarako Erizaintzako ikastaroaren ikasturte amaiera ospatzeko egin zuten.

Maria Jesus Zapirain Elkargoko lehendakariaren hitzetan, erizainek eguneroko jardueran aurki dezaketen egoerei gerturatzeko balio dute simulazioek. Ikastaroarekin erizaintza ikasketak osatzen dituzte euskal sanitarioek, edozein larrialdi zerbitzutan lan egiteko aukerak zabalduz.

Simulazioa 11.20ean hasi zen, sototik kea ateratzen hasi zenean. Une horretan ikasle bakoitzak zegokion papera hartu zuen: erizaina edo zauritua. Suhiltzaileak iritsi ziren lehenengo eta sutea itzali zuten. Ondoren, erizainak iritsi ziren eta behar zituzten gauza guztiak atera zituzten anbulantziatik. Batzuk sotora jaitsi ziren zauriturik ba ote zegoen begiratzera. Beste batzuk plaza barrura sartu ziren, eta ikusi zuten pertsona ugari zeudela harmailetan zehar etzanda, odolez beteta, jende-olde baten ondorioz.

Erizainen lehen lana zaurituak aurkitzea izan zen. Gero suhiltzaileen laguntzarekin eriak kanpora atera, eta behin kalean, kolore desberdinetako banderatxoekin sailkatu zituzten: berdez kalterik gabekoak, horiz zauri arinekoak, gorriz larriak, eta beltzez hildakoak.

Kalean azterketa azkar bat egiten zieten eriei, zein taldetan sartu behar zituzten jakiteko. Batzuk horitik gorrira pasatzen zituzten, konplikazioak azaltzen baziren. Zaurituen sailkapena egin ondoren, osasun-postura eramaten zituzten tratamenduarekin hasteko, eta bertatik, larritasunaren arabera, anbulantzian sartzen zituzten ospitalera eramateko.

Erizainak protagonista

Simulazioak ordubete iraun zuen eta txalo artean amaitu zen. Ikasleentzat festa moduko bat izan zen, ikasturtearen amaiera zehaztu zuena. Ainhoa Zubizarreta erizaina da eta ikastaro hau egin du larrialdi batean zer egin behar den jakiteko. Berak zauritu larriaren papera hartu zuen eta proba ondo atera zela iruditu zitzaion. Hala ere, bere txanda noiz iritsiko zain egondako denbora luze egin zitzaion. Haizea Aranguren, beste erizain bat, zauritu arinaren azalean jarri zen. Beraren ustez, sanitarioak prest daude horrelako egoera bati aurre egiteko, nahiz eta zaila izan. Egoera normal batean mota horretako istripu bat gertatuko balitz desberdin jokatu beharko luketela argi dauka Arangurenek.

Ikasleek zaurituak zaintzen zituzten bitartean simulaziorako laguntza eskaini zuten suhiltzaileak, DYAko langileak eta udaltzainak adi-adi zeuden begira. Hasieran ikasleak urduri zeudela, baina lanean hasi zirenean eskoletan ikasitako guztia erakutsi zutela esan zuten. Horrelako profesionalekin ez dugu zertan kezkatu, edozein larrialdiri aurre egiteko prest baitaude euskal erizainak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo