Independentziaren aldeko «olatu berdea» herriz herri antolatzera deitu dute
Manex ALTUNA |
Udako jaietan herriz herri eta auzoz auzo independentziaren aldeko «olatu berdea» antolatzera deitu zuen atzo Independentistak sareak. Bilboko Arriaga antzokiaren parean egindako agerraldian ezagutarazi zuen aurrerantzean bere irudia izango dena. Horretarako, zortzi puntako izarra erakutsiz eta kolore berdeko kamisetak soinean agertu ziren, ikurrina eta banderolen artean.
Sareko kide Txutxi Ariznabarretak azaldu zuenez, izarra hautatu dute logotipotzat «askatasunaren eta independentziaren ikurra» delako munduan eta Estatu propioa izatea lortu duten nazio eta herriek erabiltzen dutelako. Zortzi puntakoa izatea erabaki dute historian zehar «baskoien izarra» bezala ezagutzen delako. Era berean, bai ikurrinak, bai Nafarroako armarriak zortzi punta dituztela eta euskal kulturan zeresan handia duen eguzki-lorearekin antzekotasuna duela azaldu zuen.
Koloreari dagokionez, berdea aukeratu dute, itxaropena eta ilusioa adierazten dituelako. Ariznabarretak esan zuenez, berde mota guztiak sartzen dira, Independentistak sarearen helburua «kolore guztietako» euskal independentistak batzea da-eta.
Ildo horretatik, udan zehar ospatzen diren jai ugarietan independentziaren aldeko ekimenak antolatzeko deia egin zuten. Herriz herri eta auzoz auzo, herritarrek elkarlanean independentziaren aldeko «egun berdea» antolatzea proposatu zuen Independentistak sareko bozeramaileak. Manifestazioak, herri bazkariak eta kalejirak jarri zituen adibidetzat Ariznabarretak, eta guztietan kolore berdea nagusitu beharko zela azpimarratu zuen. «Independentziaren aldeko olatu berdea antolatu nahi dugu», gaineratu zuen.
Aberri Egunaz geroztik egiten ari diren eztabaida prozesuak aurrera jarraituko duela nabarmendu zuten. Ariznabarretak gogoratu zuenez, otsailean aurkeztu zen ekimena eta Aberri Eguna antolatu ondoren, Independentistak sarea nola eratu batzarrak egiten ari dira. Dagoeneko hiru aurkezpen ekitaldi egin dituzte Tolosa, Gernika eta azkena atzo Gasteizen. Gaur Oiartzunen izango dira eta datorren astean Bilbon asteartean, Iruñean ostegunean eta Beran ostiralean.
Eztabaida hauetan sortzen diren ideietatik Independentistak sareak zer-nolako antolaketa izango duen argitu nahi dute eta azaro aldera batzar nazionala egiteko asmoa dutela iragarri zuen Ariznabarretak. Aurretik, urriaren 12an, beste ekimen bat egingo dutela jakinarazi zuten, Simon Bolibarri buruz, 200 urte betetzen baitira Amerikako herriek beren independentzia prozesuak hasi zituztenetik.