GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Neorrealismo errumaniarra

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Errumaniak ez du zinema industriarik. Aurrekontu apaleko hogei film besterik ez dira ekoizten urtean. Baina bost axola zaie hori zinema errumaniar berriaren sortzaile gazteei. Neorrealismo italiarrak utzitako uharari jarraiki, kaleko jendearen bizipenak islatzea dute xede. Hollywoodek abandonatutako bihotz urratuen sentimenduak erretratatzea, hain justu.

Neorrealismo errumaniarraren enbatak gogor astindu du zinema garaikidea azken urteotan. Ceaucescu-ren itzala, ordea, luzea da oraindik belaunaldi berriko zinemagileen filmetan. Catalin Mitulescu-ren «How I Celebrated the End of the World» samurra (2006) eta Corneliu Porumboiu-ren «12:08 East of Bucharest» (2006) satira iluna dira horren erakusgarri. Zinemagile errumaniar gazteen begirada urrunago doa, baina. Ez da iraganekoa. Ezta tokian-tokikoa ere. Unibertsala baizik. Eta, hortxe datza, bere arrakastaren gakoa.

Zavattini handiak zioena abian jartzen du zinema errumaniar berriak. Fikzioak errealitateari leku egiten dio eta gizartearen arima biluzi egiten du zinemak. Horrexegatik, Cristian Mungiu-ren «4 Months, 3 Weeks & 2 Days» (2007) drama zirraragarria ez da Ceaucescuren erregimenaren anatomia hutsa, abortuaren legeztapenaren aldeko aldarri ere bada. Abortatzeko eskubidearen ukapena Ceaucescuren Errumanian bezain samina baita Sanzen Nafarroan. Hala, neorrealismo errumaniarra ez da iragan komunista salatzera mugatzen. Adrian Sitaru-ren «Pescuit sportiv» (2007) zein Cristi Puiu-ren «Aurora» (2010) pelikuletan, kasu, Bukaresteko erdi mailako klaseen bizipenak islatzen dira. Komunismoaren amesgaiztotik kapitalismoaren amets ustelera igaro den errumaniar hiritarraren krisi moralaz gogoeta egiten dute. Demokraziak jada galdu du-eta Iraultza sasoiko itxaropenaren kolorea. «Francesca» (2009) filmaren zuzendari Bobby Paunescuk ere uste du sistema aldaketarekin balio krisi sakon batean hondoratu dela hiritar errumaniarra; diruaren arabera neurtzen baita orain guztia. Krisi hori, ostera, gizabanako arruntaren krisi bera da. Dirua lege den arren, galdutako idealak erosteko adina diru ez dagoela ohartzen den bihotz bakartiaren drama.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo