Kirgizistan, askotariko interesak estaltzen dituen beste giza hondamendi bat
Kirgizistango krisiak 300.000 desplazatu eta 100.000 errefuxiatu eragin ditu, Nazio Batuen Erakundearen Giza Gaietarako Bulegoak jakinarazitakoaren arabera. Duela astebete hasi ziren borroketatik ihesi Uzbekistanera iritsi ziren edo herrialde horrekiko mugan ziren uzbekistandarretako askok bala zauriak zituzten, eta atzo premia bizikoa zen giza laguntza. Dagoeneko ia 200 lagun hil eta 2.000 inguru zauritu omen dira. Beste giza hondamendi batez hitz egin daiteke, beraz, eskuarki albiste izaten ez diren herrialde horietako batean. Batzuen arabera, etnien arteko gatazkaren ondorioz, eta beste batzuen arabera, bestelako interesen ondorioz, tartean potentzia handien interes geopolitikoak, ohi bezala. Eta, ohi bezala, gatazka zabaltzeko arriskua ere badago, oraingoan Uzbekistanera eta Kazakhstanera eta are Erdialdeko Asia osoan barrena. Bada, gainera, hausnartzeko beste elementu bat inguru hartako ezegonkortasuna ulertzen saiatzeko orduan; alegia, Sobietar Batasuna desegin zenean, nolako trantsizioa egin zuten herrialde haietan. Izan ere, orain batzuek etnien arteko gatazka gisa aurkezten duten hori trantsizio haren ondorio ere izan liteke.