GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Hitz-erdika ibili gabe

Gaurkoan esan dezaket arabar guztien izenean mintzo naizela eta guztiok harro egoteko motiboa dugula, Arabako elkarte batek munduaren aurrean Arabari eman dion prestigioa dela-eta. Ez, ez naiz Baskoniaz ari, Arabako Enpresaburuen Elkarteaz (SEA) baizik (tira, Juan Jose Azurmendi SEAko presidentea donostiarra da, baina diruak aberririk ez badu, are gutxiago probintziarik).

Nafarroako presidente Miguel Sanzek leunegitzat jo zuen Madrilgo Gobernuak asteazkenean onartu zuen lan erreforma; Gerardo Diaz Ferran CEOEko enpresaburu espainolen presidenteak esan zuen erdibidean dagoela, aurrerapena bada ere. Baina, hitz-erdika ibili gabe, norbaitek esan behar zuen eta Arabako enpresariek esan dute Gobernuaren dekretua eskasa dela, ez nahikoa. Norbaitek esan behar zuen lanera huts egitea bukatu egin behar dela (ondo asko dakigu denok mutualitateek baja emateko aski dela begi-keinu soil bat). Norbaitek esan behar zuen langileak langabeziara joateko irrikan daudela, 45 egun kobratzeko. Aurrerantzean kontratatzen dituztenak (inor kontratatzen badute, Azurmendik esan zuenez, erreforma honekin ez dute-eta kontratatuko) egun gutxiago kobratuko dute, eta horietako batzuk Administrazioak ordainduak; baina, Azurmendik arrazoi, ez da nahikoa, langileek argi izan behar dute lan batean hasten direnean, kaleratzen badituzte, ez dutela sosik bat ere kobratuko, hartara ez dute langabezian egon nahi izango. Areago, langileak kaleratzeagatik ez enpresaburuak, ez Estatuak ez lukete ordaindu beharko, langileak berak baizik. Egia esan, SEAk horrelakotsu zerbait proposatu berri du.

Juan Jose Azurmendik eta enparauek zerrenda hau irakurri izan balute, honezkero haren zentzu ironikoaz ohartuko ziren eta ekonomiaz ideia zorririk ere ez dudala aurpegiratuko lidakete, eta ni ez naiz kontrakoa esaten tematuko; hala ere, zenbait argitalpen espezializatutan ekonomia «adituen» azterketak irakurtzeko ohitura (txarra, eragiten didaten ostia txarra bezain txarra) dudala esango nieke. Eta gogoraraziko nieke aditu horiek AEBetako zabor-hipotekek eragindako finantza krisia ez zela Europara iritsiko iragarri zutela eta ziurtatu zutela gaur egun sistemak (kapitalismoa, neoliberalismoa, oihaneko legea...) zurrunbiloen aurrean badituela bere burua erregulatzeko mekanismo automatikoak. Lan erreforma automatikoak, esaterako?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo