Buruz Buruko Txapelketa
Ogetarekin eta pilotekin inolako aitzakiarik ez
Faborito izango da Irujo, eta haren hitzetan, «Xala presiorik gabe irtengo dela ez du berak ere sinisten».
Jon ORMAZABAL
Dena prest dago igandean jokatuko den Buruz Buruko final handirako eta, aurretiaz behintzat, ez dago inolako aitzakiarik partida on bat ikusi ahal izateko. Bi pilotariak ondo omen daude, sarrera gehienak ere saldu dituzte, nahiz eta oraindik 150 euroko bakarren bat geratu, eta piloten eta frontoiaren inguruan ere, ez Martinez de Irujok, ez Xalak ez zuten inolako kexurik izan.
Ohi bezala, Martinez de Irujok piloten inguruan partidaren ostean mintzatuko zela azaldu zuen, baina frontoia utzi zuen eragatik zalantzaren bat sortu zuenez, «ez nago batere haserre eta igandean pozik egon nahi dut txapela irabazi dudalako», gaineratu zuen, gai honen gainean hitz egitea batere gogoko ez duen pilotariak.
Xalak, bestalde, ez du erreparorik izaten materialaren inguruan hitz egiteko, eta berak eman zuen aukeratutako piloten berri. «Lau pilotak oso politak dira. Bereetako bat -106,2 eta 106,6 gramokoak- astunxeagoa eta motelagoa da eta nireak biziagoak -105 eta 105,2-, baina ez dago gehiegizkorik. Pilotaleku honetan abiadura hartzen du pilotak, baina politak dira».
Ogetak ere, beldur dexente sortu ohi die pilotariei, bertan partida gutxi jokatzen dituztelako eta frontisa gainerakoetan baino laburxeagoa izanda, errestoa zaildu egiten delako. «Bertan partida onak egin ditut, baina txarrak ere bai. Pilotaleku oso exigentea da Ogeta, oso ondo egon behar da bertan jokatzeko, baina hemen irabazten duenak Donostian ere irabaziko luke. Hori bai, hemen lehendabiziko ematen duenak bi aldiz ematen du», azaldu zuen egungo txapeldunak.
Txapelketan batak eta besteak izandako ibilbidea ikusita, diruak Irujoren aldeko joera handiegia duela dirudi -100-40ri gorri irtengo da hasieratik- baina Iberokoa ez du horrek kezkatzen. «Txapela dago jokoan eta txapelak berdin balio du niretzat eta Xalarentzat. Presiorik gabe etorriko den kontu hori berak ere ez du sinisten. Final bat ez da egunero jokatzen, pisu handia dauka eta biok irabazi nahi dugu berdin-berdin».
Berrikuntzen artean, bi pilotariek igandean estreinatuko dituzten Astoreko elastiko berriak izan zituzten soinean.
Oraindik ere garestienetako batzuk, 150 eurokoak, saltzeke dauden arren, Ogetak Binakako finalean baino itxura hobea izango duela uste dute antolatzaileek.