GARA > Idatzia > Kultura> Musika

All Jazz Era taldeak, agur esanez, kontzertua eskainiko du gaur gauean, Larrabetzuko Gaztetxean

Bederatzi urtez funk-rock musika sortzen eta zuzenean jotzen ibili eta gero, Uribe Kostako All Jazz Era taldea azken aldiz igoko da agertoki gainera. Bidean, disko bat eta zuzeneko ehun emanaldi geratuko dira.

p047_f01_148x88.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Musika taldeen jarduerek, taldekideen gogo eta ilusioek irauten dutena irauten dute askotan. Ugariak dira musika sortu eta doinu horiek zuzenean jotzeko elkartzen diren lagun taldeak, taula gainean jotzeak sortzen duen zirrara bizi-bizian eta azalean sentitu nahian. Bideak abiatzen diren bezala, agurrak ere gertatzen dira, irekitako zikloak itxiz. Bederatzi urte luzez agertoki gainetan ibili eta gero, All Jazz Era taldeari ere agur esateko unea iritsi zaio.

All Jazz Era, 2002. urtean jaio zen Gorlizen, eta urte hauetan guztietan izan duen garapena begi-bistakoa da. Taldea hirukote moduan sortu zen, eta nagusiki doinu instrumentalak jorratzen zituen. Gerora, taldea hazi, kide eta musika tresna berriak batu, eta egun seikote batez osatuta dago banda: Itziar (Saxoa), Urtzi (gitarra), Oilosko (bateria), Arkaitz (baxua), Meri (ahotsa) eta Erika (Flauta).

Hasierako urteetan finkatu zuten taldearen musika norabidea. Sustraietan, funk eta rock musika eren nahasketa, eta emaitzan nortasun propioa izan duen musika talde bat. Itziar saxo-jotzailearen esanetan, «All Jazz Era berezia izan da inguruan izan ditugun musika taldeen musikari erreparatuz gero». Arrazoi du saxo-jotzaileak. Punka, metala eta rocka nagusi dira gure musika eszenan, eta eskertzekoak dira bide berrietan arakatzera ausartzen diren musika taldeen lanak.

MusikHerriako kide

MusikHerria mugimenduko kide izan dira hasieratik, eta taldeak 2005ean kaleratu zuen disko bakarrak ere, herri diskoetxearen zigilua darama. «Hasieratik egin genuen bat MusikHerriarekin. Gure musika lizentzia librean zabaldu izan dugu beti».

Bidean, ehun kontzertu inguru eskaini ditu Uribe Kostako taldeak: «Orokorrean Euskal Herri osoan aritu gara, baina nagusiki Gipuzkoan eta Bizkaian. Kontzertu guztiek dute gogoan gordetzeko zerbait, baina oso oroitzapen onak ditugu bereziki Euskal Herria Zuzenean festibalean aritu ginenekoaz», dio Itziarrek, taldeak eskainitako emanaldiei begira.

Agurreko kontzertuak bereziak izan ohi dira beti. All Jazz Era taldeak ere gogoeta hori egin du Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea aukeratzeko unean. «Askotan jo izan dugu Larrabetzun, eta jaso dugun harrera beti bikaina izan da», azaltzen du Itziarrek. Agurreko kontzertua berezia izango ote den galdegitean, zera dio: «Beste kontzertu bat gehiago izango balitz bezala prestatu dugu. Ez da beste musikarien kolaboraziorik izango taula gainean, ezta su artifizialik ere». Finean, azken urte hauetan guztietan egindakoa errepikatuko du taldeak azken aldiz: musika sortu eta ongi pasatu taula gainean. Zentzu horretan, azkena izatearen ardura kendu nahi izan dio Itziarrek, «Azken kontzertua izango da, eta horrek beti du zerbait berezia. Hala ere, ez dugu agurrek duten kutsu triste horretan erori nahi. Kontzertua festa bilakatzea da gure asmoa».

Emanaldi berezia izango da hala ere. Larrabetzuko ikastolako gurasoek antolaturiko kontzertua izaki, bi emanaldi eskaini ditu All Jazz Erak. Lehena, 20.30ean izango da eta haurrei bideratuta egongo da, etorkizuneko entzuleei: «Gure musika ibilbidea irudikatzen duen emankizun txiki bat prestatu dugu. Bost kantu joko ditugu musika talde bat zer den azalduz umetxoei». Gauean berriz, iritsiko da musika tresnak azken aldiz astintzeko unea.

Fitxa

Taldea: All Jazz Era

Herria: Gorliz.

Diskoa: AllJazzEra (Musikherria 2006)

Zuzenean:

Gaur. Larrabetzu, Hori Bai gaztetxean.

Arratsaldean, 20.30ean haurrentzako emanaldi didaktikoa.

23.00etan, agurreko kontzertua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo